argia.eus
INPRIMATU
“Normaltasun berrirako” neurriak EAEn
  • Bizi Berri programa du oinarri arautegiak, eta gaurtik aurrera dago indarrean. Garraio publikorako, aisialdirako eta ekitaldi handietarako irizpideak zehaztu dituzte, besteak beste.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 19a

Gauerdiaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoa "normaltasun berria" deituriko fasean sartu da. Zentzu horretan, Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak etapa berria arautuko duten baldintzak aipatu ditu.

Tapiaren arabera, neurriak Bizi Berri egitasmoan oinarritzen dira, eta Nekane Murga Osasun sailburuaren ardura izan da neurriok agindu batean biltzeaz. Jarraibideak zehaztu aurretik, sailburuak maskaren erabilera eta eskuen garbiketa indartu behar direla azpimarratu du, baita metro eta erdiko distantzia zaintzeko arauari eutsi behar zaiola ere. Gainontzean, honakoak dira zehaztu dituzten arauak:

Garraio publikoa

Maskarak erabili beharko dira, eta %100ean jarriko da martxan zerbitzu publiko oro, kaleko igogailuak eta funikularrak barne.

Beilategiak

30 pertsona sartu ahal izango dira gehienez leku itxietan, eta 75 kanpokaldean. Eremu erlijiosoen edukiera %75era mugatuko da.

Ostalaritza, turismoa, merkataritza eta elkarteak

Edukiera zehatz-mehatz kontrolatuko ez den arren, 1,5 metroko distantzia bermatu beharko da orohar. Merkataritza-zentroetako aisialdirako guneetan edukiera kontrolatuko da, %60ko gehienezko aforoarekin. Jatetxe eta tabernetan, berriz, 25 pertsona elkartu ahal izango dira gehienez.

Hotelak

Eremu komunak zabalik egongo dira, eta horientzat ez da edukiera mugarik.

Gaueko aisialdia eta dantzalekuak

Dantzalekuek ateak zabaldu ahal izango dituzte, mahaian eserita egoteko baldintzarekin. Metro eta erdiko distantzia ere zaindu beharko da.

Kultur ekitaldiak

Ikuslegoa eserita egon beharko da, aurrez ezarritako eserlekuetan.

Kirol ekitaldiak

Aire librean gauzatzen direnek 1.000 pertsona bildu ahal izango dituzte asko jota. Leku itxietan, berriz, 300 pertsona elkartu ahal izango dira, edukieraren %60ko muga errespetatzen den bitartean.

Haur-parkeak

Ireki egingo dira. Baina edukiera mugatuko duten kasuetan pertsona bakoitza “4 metro koadroko eremua” eta “garbitasuna” bermatzeaz arduratu beharko da.

Ordainketak

Txartelarekin egin daitezen sustatuko da, eta 65 urtetik gorakoei lehentasuna emango zaiela adierazi dute.

Azokak

Aire librean egiten badira, ezingo dira ohiko postuen %60 baino gehiago ireki. Dena den, udalek eremuak zabaldu ahalko dituzte muga hori orekatu asmoz.

Autoeskolak

25 ikasle egon ahal izango dira gehienez, eta auto berruan maskara erabili beharko da.

Liburutegiak

Ohiko zerbitzua eskaintzen hasiko dira, %60ko edukierarekin betiere. Utzitako liburuak erabiltzaileak itzulitako unetik astebete egon beharko dira gordeta gutxienez.

Museoak

Horiek ere ateak zabaldu ahal izango dituzte, areto bakoitzean %60ko edukiera errespetatu ezkero.

Kirol instalazioak

Gehienezko aforoa %60koa izango da, igerilekuak barne. Aldagelak eta dutxak erabiltzea baimenduta egongo da, babes-neurriak eta metro eta erdiko distantzia errespetatzen baldin bada.

Hondartzak

Aldundiek eta udalek edukiera-mugak ezarriko dituzte segurtasun-tartea bermatzeko. Horretarako, hondartzetan egoteko denbora-tarteak edota aparkalekuetako sarbideak kontrolatuko dituzte.