argia.eus
INPRIMATU
Normalizazioaz

Imanol KaƱamares Muguerza @ImanolKanamares 2021eko abenduaren 23a

“Agian, historiako irakaspenik garrantzitsuena da inork ez dituela historiaren irakaspenak ikasi”, zioen Aldous Huxleyk. Olatuz olatu goaz eta helmugara iristear ginela uste genuenean, tsunamia datorrela dirudi berriro ere. Amnesia kolektiboa nagusi den garaian errotzen ari den fenomeno baten inguruan gogoeta egin nahiko nuke: normalizazioaz, hain zuzen ere.

Normalizatu egin dugu argindarrak egunero errekorrak apurtzea, lehen arreta kolapsatua egotea eta biztanleriaren laurdena pobretze arriskuan egotea. Normalizatu dugu %40ko gazte langabezia-tasa edukitzea, kotizazioak igo eta pentsioak murriztea, jendeak zakarrontzietan janaria bilatzea, soldatak izoztea eta Txibiteren gobernua aurrerakoi gisa ikustea.

"Aurreko olatuetako akats eta joera berdinak ikus daitezke oraingoan ere, eta 'déjà vu' sentsazioa nabarmena da, neke handiarekin batera"

Normalizatu egin dugu polizaren aurrekontuak igo, Foruzaingoari jubilazioa jaitsi, oinarrizko eskubideak urratu, txertaketa ezkutuan derrigortu eta neurriekin kritiko den oro negazionista edo konspiranoiko deitzea. Normalizatu egin dugu neurri kontraesankorrak izan arren, hauek akritikoki betetzea eta betetzen ez dituena jazartzea. Normalizatu egin dugu militarrak arakatzen aritzea, antigeno testak agortu edota haiekin negozioa egitea, musukoa kalean erabiltzea, herrialde batzuetan txertorik egon ez arren Mendebaldean 3., 4. eta 5. dosiez hitz egitea, lana galtzeko beldurrez sintomekin lanera joatea…

Normalizatu egin dugu neurri ilegalak hartzea, langile klaseari arduragabekeria leporatzea, sozialdemokraziak ostrukarena egin eta neurriak zuritzea, estatuaren botere zentralizazioa indartzea, bigilantziaren kapitalismoan sakontzea eta okerrena: normalizatu egin dugu honen guztiaren aurrean zer eginik ez edukitzea.

Aurreko olatuetako akats eta joera berdinak ikus daitezke oraingoan ere, eta déjà vu sentsazioa nabarmena da, neke handiarekin batera. Pentsa liteke ez dutela ikasten.

Langile mugimenduak, ordea, mendeetako borroka historiaren bidez irakaspenak atera ditu eta bi azpimarratu nahiko nituzke:

1) Askatasun politikoen auzian metro bat bera ere ezin dugu galdu.

2) Langileria modu independentean antolatu ezean burgesiaren morroi bihurtuko da.

Duela bi urte sorpresa zena salbuespen egoera egonkor bihurtu da eta burgesia ez da gai izan birusari modu errealean aurre egiteko. Tekla zein den ez omen dakite Sagardui, Txibite eta enparauek, baina noraez hori aurrekari arriskutsuak diren neurriak ezartzeko baliatzen ari dira eta ezin dugu inolaz onartu. Epe motzeko ondorioz gaindi, epe luzekoak ere oso larriak izan daitezke alor politiko, sozial zein sanitarioan ere.

Horregatik, Abenduaren 30ean, arratsaldeko 19:00etan Sarasate Pasealekutik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Neurri autoritarioak gelditu!

 

*Imanol Kañamares Muguerza Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kidea da