“Funtzionatuko al du martxan jarri nahi dudan nekazaritzako edo abeltzaintzako proiektuak? Nola eginen diot aurre lurrak eskuratzeko zailtasunari?”. Beste galdera askoren artean, horiek izan ohi dira lehen sektoreari lotutako proiektu bat abiatu nahi duten hasberrien galderak. Nafarroan, Andia Mankomunitateak Zunbeltz nekazaritzako test gunea jarri berri du martxan, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Gobernuarekin elkarlanean. Nekazari eta abeltzain berriei babes legala, formazioa, jarraipena eta euskarri fisikoak –lurra eta azpiegiturak– eskaintzen dizkio test guneak.
Andiako Mankomunitatean despopulazioaren aurka abian dituzten hainbat proiekturen bueltan sortu da Zunbeltz nekazaritzako test gunea. “Ipar Euskal Herriko Trebatu elkartea ezagutu genuen, eta interesgarria iruditu zitzaigun gurean ere belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko eta nekazari berriei bidea errazteko”, azaldu du teknikariak. Egitasmoaren bultzatzaileen artean elkarte bat martxan jartzea izan zen lehen lana, eta bigarrena, martxan jarri nahi diren proiektuak garatu ahal izateko lurra eta azpiegiturak eskuratzea. “Nafarroako Gobernuaren bi lursail ditugu momentuz, 10 urtetarako hitzarmen bidez guk kudeatuko ditugunak”, dio.
Jendea proiektura batuko ote zen zalantza zuten hasieran, baina sorpresa ederra eraman zuten. “Bederatzi pertsona aurkeztu ziren, guztira, zazpi proiektu. Oso interesgarria iruditu zaigu, gainera, horietako bi proiektu kolektiboak izatea”, dio. Txerrien, oilaskoen, ahuntzen eta behien hazkuntza proiektuak daude aurkeztutakoen artean, baina momentuz, ahuntzena bakarrik dago martxan, besteak baimenak jasotzeko esperoan daudelako. “Proiektu bakoitzarekin hitzarmen zehatza dugu, bakoitzaren jarduerari eta egoerari egokitua”, azaldu du teknikariak. Ahuntzainaren kasuan, esaterako, urtebeterako hitzarmena sinatu dute. “Ideia ez baita ekoizpen fasean soilik trebatzea, prozesu osoan baizik: komertzializazioa, salmenta…”. Eredu ekologiko eta txikiko proiektuetara mugatu da Zunbeltz gunea.
Trebatu ahal izateko lurrak eta azpiegiturak –artegia, eskorta mugikorra eta jezteko makina, esaterako– ez ezik, formazioari eta babes legal eta emozionalari ere garrantzia handia ematen dio test guneak. “Unibertsitatekoekin eta NNPEKkoekin egiten dituzte formakuntzak proiektuko ‘testerrek’, baina ‘baserritarretik baserritarrera’ izendatutako metodologia ere asko erabiltzen dugu; alegia, abeltzainak beraiek izatea bisitak egiten dituztenak, hasberriek zuzenean haiekin partekatzeko galderak eta arazoak”.
Hego Euskal Herrian nekazaritzako test guneen aitzindarietako bat izan da Zunbeltz, nahiz Bizkaian Haztegia ere badagoen martxan. “Beste eredu batzuk esploratu behar ditugu, bestela, jango gaituzte. Ikusi dugu dena motel doala, baina poliki-poliki lortu daitekeela”.