argia.eus
INPRIMATU
Nork esan du Olentzero soilik gizona izan daitekeela?
  • Zergatik utzi behar dugu emakumea Mari-Domingiri eman diogun laguntzailearen bigarren plano horretan eta ez da izanen emaztea Olentzero bera?" Galdera horiekin plazaratu zuten orain bi urte Iruñean emakume Olentzeroa Duguna dantza taldeko kideek.

Kattalin Agerre 2016ko abenduaren 23a
Olentzero Iruñean. Duguna dantza taldea, 2015-12-23.

Asmatu zezaketen, baina ez zuten asmatu beharrik izan. Tradizioan ere Olentzeroa emakume edo emakumea Olentzero izan baita. Leitzan adibidez. Haien blogean beren esperientziaren berri eman izan dute Dugunakoek eta Altzadi Leitzako Kultur Elkarteko kide den Fernando Oiartzunek erantzun interesgarria utzi die berriki, bertan.

Honela dio Fernando Oiartzun-ek Leitzako Orantzaroari buruz:

Orantzaroa Leitza 2014
Orantzaroa Leitzan, 2014. Argazkia: ALKE, Altzadi Leitzako Kultur Elakartea.
 

 

"Gure herrian, Leitzan, diozuen bezala aberastasun handia zegoen irudikapenari dagokionez eta baita suaren erabilerari dagokionez. Gaia sakonki aztertu dugu: JM Barandiaran 1920. urtean Leitzan izan zen eta jaso zuen Leitzan leiho edo balkoian paratzen zela Orantzaroa galtzaz edo gonaz jantzitako panpin baten bidez, hori guzia Orantzaroa irudikatzeko. Guk etxean ere horrela jaso genuen eta herrian elkarrizketatutako jende zahar askok eman digu horren berri."

Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten:

Gomezago Zumaia
Gomezago arrantzalea, Olentzeroren Zumaiako aldaera. Irudia: Baleike.

 

txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria. Horixe da adibidez Zumaiako Gomezago-ren kasua. Arrantzale tankeran agertu izan den pertsonaia hori Olentzeroren beste aldaera bat baino ez dela argitu baitzuen Xabier Etxabek

Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro...) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.

Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzero hau ile luze horiarekin ageri da:

Olentzero Donostia 1931
Olentzero, Donostia, 1931. Argazkia: Guregipuzkoa.net.

Beste Olentzero hau, Oiartzungo ume talde batek egindakoa da XX. mende hasieran.

Olentzero Oiartzun
Olentzero, Oiartzun. Argazkia: Bernardo Oñatibia - Guregipuzkoa.net

Traje eta korbataz jantzitako beste Olentzero hau Leitzan egindakoa da, XX. mende hasieran.

Leitza Orantzaroa dotore
Orantzaroa Leitzan, dotore.

1950. hamarkadaren amaieran, Lesakako ikazkinaren eredua hartuta, Olentzeroren kabalkada antolatu zuen San Antonioren gazteriak Iruñean. Ondoren, 60ko hamarkadan, Ikastolen elkarteak herriz herri zabaldu zuen Olentzero eredu hori.

Olentzero umeak kantari

Azken hamarkadetan Olentzero ikazkinaren transformazio prozesua etengabe ikusten joan gara. Pertsonaia zarpail, zikin eta desatsegina izatetik, Santa Klaus txapelduna izatera pasa da Olentzero: pertsonaia bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria.

Olentzero bizar-zuri

Zuzentasun politiko horretan azken urratsa, Olentzerori bikotea bilatzea, Mari Domingiren asmakuntza, alegia. Genero estereotipoak eta bikote eredu tradizionala irudikatzen dute orain Olentzerok eta Mari Domingik. Merkataritzak eta komunikabideek saldu nahi dutenaren kontrara, Olentzero emakume, gizonezko edo sexu jakinik gabeko pertsonaia izan daitekeela frogatzen du Leitzako Orantzaroak.

Leitza Orantzaroa 2010
Leitza, Orantzaroa, 2010. Argazkia: ALKE.
Leitza Orantzaroak 2015 Ezpata-dantzariak
Leitza, Orantzaroak, 2015. Argazkia: Leitzako Udala.
Leitza Orantzaroa 2011
Leitza, Orantzaroa, 2011. Argazkia: ALKE.

Olentzero irudikatzeko modu bakarra ez dago. Ez ofizioz, ez itxuraz, ez generoz. Olentzero asmatzen dugun modukoa izango da aldi bakoitzean. Ez beti ikazkin, ez beti gizonezko. Espero dezagun emakume eta queer Olentzero gehiago ikustea gure karriketan aurtengo eguberrietan.

Olentzero sutan Ermua  2014
Olentzero, Ermua, 2014. Argazkia: Txindurri dantza taldea.

Albiste hau Dantzan.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra