argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?
  • Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.

Leire Artola Arin 2024ko martxoaren 18a
Euskal Herrian Euskaraz eragileak Nafarroako Parlamentuari eman zion lekukoa, eta euskara lurralde osoan ofizial egiteko eskaria zuen gutuna ere bai. / Argazkia: AEK.

Arrazoi sakonagoetan sartu gabe, banaketa horren arrazoi nagusietako bat zonifikazioa da, nafarrak baldintzatzen dituena eskubideak izatera edo ez izatera, jaioterriaren arabera. Euskalduntasun maila neurtzen jarraitzen dute instituzioek; euskaldunak gutxiengoak badira udalerri batean, izorra daitezela eta moldatu daitezela hizkuntza unibertsalera, elkarbizitzaren izenean.

Lehen Korrika antolatu eta urte gutxira, 1986an Euskararen Legeak hiru eremutan zatitu zuen Nafarroa: eremu euskalduna, ez-euskalduna eta mistoa. Nafarroako Parlamentuak 1982an onartu zuen Foru Hobekuntza Legearen ondotik ezarri zuten oraindik ere martxan den arau baztertzailea.

Euskalgintzatik urteak daramatzate zonifikazioaren aurka borrokatzen, eta Korrikan ere aldarri hori presente egon da. Nafarroako Parlamenturaino iritsi da eskea, Iruñean: Euskal Herrian Euskaraz eragileak 495. kilometroa egin du ‘Ofizialtasuna Euskal Herri osoan’ zioen pankartarekin, eta 496. kilometroan lekukoa hartu duen Nafarroako Parlamentuari gutuna igorri dio. Sugoi Etxarri EHEko kideak lekukoarekin batera gutuna eman dio Unai Hualde Geroa Baiko parlamentuko lehendakariari, eta testua parlamentuan irakurtzeko eskatu. Korrikaren lekukoa eurei pasatzea “mingarria” dela aitortu dute EHEko kideek: “Euskaltzaleok aspertuta gaude instituzio publiko nagusietatik egiten duzuen basquewashing-az, hau da, euskararen alde zaudetela adierazi eta jende asko biltzen den Korrika bezalako ekitaldietan argazkian agertu bai, baina ondoren, egunerokoan, euskararen eta euskaldunon aurkako politika publikoak egiten dituzuela ikusteaz”.

Ahaztu gabe AEKrentzat ezinbestekoa dela kilometroa erosten duen norbanako, elkarte eta eragile guzti-guztien diru ekarpena, agerikoa da askorentzat erraza dela diru kantitate bat eman eta euren politikekin jarraitzea. Erosoa zaie euskararen alde 11 egunez soilik (edo, are, euren kilometroak irauten duen bitartean soilik) egotea. Eta erosotasunak ez dakar aldaketarik. EHEk Nafarroako Parlamentuari gogorarazi zion “euren esku” dagoela euskara lurralde osoan ofizial egiteko erabakiak hartzea. GKSk eta Ikasle Abertzaleek ere 496. kilometroa probestu dute salatzeko parlamentua “euskararen etsaia” dela. “Zuen apurra, euskararen miseria” zioen leloaren aurretik egin dute korrika parlamentariek, agian luzeegi eta deserosoegi egin zaien Sarasate pasealekuan.

Nafarroako Parlamentariak lekukoa eramaten, zonifikazioa amaitzeko eskaeren artean. / Argazkia: AEK.

Kontrara, oso bestelakoa izan da Joseba Asiron Iruñeko alkateak izandako harrera. 500. kilometroan hartu du Asironek euskararen lekukoa, alkate makilaren lekukoa hartu zuen Udal Plaza berean. Txiki geratu da plaza, eta ilusioa eta eskertza adierazi diote herritarren oihuek. Etxean, eroso egin dute Korrika Iruñeko Udaleko politikariek, eta txalo eta irribarre artean igaro dute Alde Zaharra. Nork hartuko du lekukoa orain?

Joseba Asiron Iruñeko alkateak lekukoa hartu zuen unea. / Argazkia: AEK.