Behin baino gehiagotan salatu genuen 2008ko krisiaren testuinguruan, neurri ekonomikoez mozorrotutako erreforma politiko bat inposatu zigutela. Espainiako Konstituzioaren aldaketa, aurrekontuen kontrola, politika publikoak egiteko mugak… Egia da publikoak aspaldi utzi ziola eredu ekonomiko eta sozialaren ardatza izateari. Bistakoa zen publikoaren pisua gutxitzen ari zela. Baina beste urrats bat egin eta publikoa pribatuaren menpeko egin zuten lege eta erreformen bidez. Ez da edonolakoa botere ekonomikoek lortutakoa: publikoa ezin da oztopo edo muga izan pribatuaren garapenean. Eta arauak oinarrizko eskubideak bermatzen dituzten zerbitzu publikoentzat ere balio du; edo agian horretarako da bereziki.
Harrigarria da ikustea, zaharren egoitzetan gertatzen ari denarekin denok asaldatu gauden bitartean, gobernuek aterkia ireki eta ekaitza pasatzea itxaron besterik ez dutela egin. Publikoa bigarren mailako egiten duten joko arauetatik begiratuz soilik uler liteke hau guztia.
Ulertezina da halako osasun krisialdi baten aurrean osasun zerbitzu publikoak indartzeko neurririk ez hartzea, aurrekontu berezirik ez adostea, alarma egoeraren erdian murrizketen soka luzea ez etetea. Harrigarria da ikustea, zaharren egoitzetan gertatzen ari denarekin denok asaldatu gauden bitartean, gobernuek aterkia ireki eta ekaitza pasatzea itxaron besterik ez dutela egin. Publikoa bigarren mailako egiten duten joko arauetatik begiratuz soilik uler liteke hau guztia.
Lehen arretaren gainbeheraren ondoan, aseguru pribatua zutenen kopurua %4 handitu zen 2020an, auskalo zenbat 2021ean. 2006ko Espainiako Menpekotasun Legeak dioenaren eta benetan zaintza sektorearekin gertatu denaren arteko aldea 5.000 miloi eurokoa dela kalkulatzen da; hori da negozioa. Eta ulergarria ere bada oraingoan dirua iristea Europatik: ziur ez dela babes soziala indartzeko izango, ez dela zerbitzu publikoetara bideratuko, gobernuetan dagoena dagoela ere.
Baina joko zelaia hori izanik ere, ez da egia gobernuek pribatua zenbat dirurekin eta noraino lagundu erabakitzea baino ezin dutela egin. Publikoa defendatu eta babesteko sakoneko hautua egin daiteke, eta hori egitea beste aukerarik ez dugu gainera.