argia.eus
INPRIMATU
Nork agintzen du Tubacexen?
  • Celestino Danis eta Ainhoa Rivera bihurtu dira Tubacexeko zuzendaritzako bi pertsona ezagunenak. Langileek jomugan jarri dituzte biak, kaleratzeen erantzule zuzen gisa identifikatu dituztelako. Baina multinazionalaren zuzendaritza askoz konplexu eta ilunagoa da.

Txabi Alvarado BaƱares Aiaraldea @aiaraldea 2021eko martxoaren 12a
Tubacexeko akziodunen batzarra, 2018. urteko maiatzean (Argazkia: Jose A. Del Moral)

“Celestino dimisión” eta “Ainhoa Rivera, kalera” oihuak ohikoak bilakatu dira greba mugagabean dauden Tubacexeko langileen artean. Laudio eta Amurrioko lantegietako zuzendaritzako kideei egiten diete erreferentzia bi lema horiek. 

Nafarroako Unibertsitatean ikasia, ibilbide luze eta oparoa egin du Celestino Danis Basurkok enpresa munduan, bere Linkedin kontuan aipatzen denez. GKN multinazional britaniarrean hasi zen 1994. urtean, eta 2011n sartu zen Tubacexen. Ordutik hona hainbat kargu bete ditu, goiko postuetan beti. Gaur egun bi zuzendaritza kargu ditu, Jesus Esmoris kontseilari delegatuaren esanetara. 

Ainhoa Riveraren kasuan, aldiz, nabarmentzekoa da hamar urte baino gehiago eman zituela Arakaldoko Norten enpresan lan egiten, giza baliabideen zuzendari gisa. 2012an igaro zen Tubacex taldera, kargu berdinean aritzera, eta bertan dihardu gaur egun. 

Administrazio kontseilua

Baina Celestino Danis eta Ainhoa Rivera kate luze baten bi kate-begiak baino ez dira. Hamalau enpresaz osatutako holdinga da Tubacex gaur egun. Enpresa bakoitzak bere aginte-estruktura propioa du, baina guztiek obeditzen diote administrazio kontseilu berberari. Horrenbeste enpresetan banatuta egotea ez dirudi ausaz hartutako erabakia denik. Izan ere, sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dute zuzendaritzak “kontabilitate ingeniaritza” egin izan duela, Aiaraldeko fabrikak errentagarriak ez direla irudikatzeko (irabaziak taldeko beste enpresa batzuei egotziz, adibidez). 

Hamabi kidek osatzen dute zuzendaritza-organoa. Hainbat perfiletako pertsonak daude, baina gauza bat dute gehienek komunean: ibilbide profesional oparoa egin dutela beste enpresa batzuetan, goi-karguetan betiere. Nuria Lopez De Guereñu Ansolaren kasua da aipagarrienetarikoa: Confebaskeko idazkari nagusi eta Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan sailburu izan ostean sartu zen Tubacexeko Administrazio Kontseiluan (AHTren lanak bere gidaritzapean hasi ziren). Rosa Garcia Garciak Microsoft enpresan jardun du, eta Francisco Javier Garcia Sanz mundu mailako erosketa zuzendari exekutibo izan zen GM Corporation enpresa estatubatuarrean.

Dena dela, kontseiluko bi pertsona nabarmenenak Alvaro Videgain Muro eta Jesus Esmoris Esmoris dira, Tubacexeko presidentea eta kontseilari delegatua, hurrenez hurren.

Aristrainen itzala

Baina Administrazio Kontseilua ez da aginte-organo gorena, akziodunen batzarra baizik. 59.840.451,9 euroko kapital soziala du enpresa-taldeak (2018ko datuen arabera), 132.978.782 akziotan banatuta. Partaidetza kopuruaren arabera dute akziodunek boto kopuru handiago edo txikiagoa. 

Akziodun asko ditu Aiaraldeko multinazionalak, baina badago bat guztien artean nabarmentzen dena: Jose Maria Aristrain. 2011tik hona berea da Tubacexen akzioen %11, ehunekorik handiena, eta eragin zuzena du Administrazio Kontseiluan. Zuzendaritza-organoko bi kide berak proposatutakoak dira: Isabel Lopez Paños eta Gema Navarro Mancado.

Europako pertsonarik aberatsenetarikoa da Jose Maria Aristrain, Forbes zerrendaren arabera. Hala ere, ez da oso pertsona ezaguna. Oso gutxitan agertu da publikoki eta Interneten haren oso argazki gutxi topatu daitezke. 

Epaitegira deklaratzera joan zenean egin ziotena da topatu daitekeen irudirik berriena. Izan ere, fiskaltzak 64 urteko kartzela zigorra eta 1.400 milioi euroko isuna eskatu dio, ogasunari 200 milioi euro ezkutatzea egotzita. Akusazioaren arabera, Aristrainek Suitzan bizi zelako plantak egin zituen zergak ez ordaintzeko, eta ArcelorMittalen zituen akzioak ezkutatu zizkion ogasunari, Luxemburgon. Aipatzekoa da Aristrainen bidez Tubacexeko zuzendaritzan dagoen pertsonetako batek -Gema Navarro Mancado- herrialde horretatik jarduten duela. 

Epaiketa hamar urtez egon da blokeatuta, Madrilgo Probintzia Auzitegiak ez zuelako kasua bere gain hartu nahi. Orain arte. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak iragan abenduan ebatzi zuen epaitegi probintzialak epaitu beharko duela negozio-gizona. Bien bitartean, aske jarraitzen du Aristrainek, 750 milioi euroko bermea ordainduta. 

Angel Soria Vaquerizo da beste akziodun nagusi bat, akzioen %3 baitu. 154. postuan dago Espainiako Estatuko pertsona aberatsenen zerrendan eta Madrilgo bulego eraikin ugariren jabea da. 

Itzarri ere nabarmendu daiteke akziodunen artean -%3,21-: Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundea da (BGAE) eta Euskadiko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko langileen aurreikuspen plana kudeatzen du. Hau da, Eusko Jaurlaritzakoa da, modu batean, Tubacexeko akziodun nagusienetakoa.