argia.eus
INPRIMATU
Hainbat intelektual frantsesek “terrorismoaren aurkako gerraren” zioak kritikatu dituzte
  • Frantziako zenbait intelektualek adierazpen baten bidez galdetu dute Parisko atentatuen ostean Frantziako Gobernuak abiatutako “terrorismoaren aurkako gerrak” zer ondorio izango dituen. Frantziak abiatutako bonbardaketen kontra bat egiteko deia luzatu dute.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 27a
Parisko atentatuen ostean Frantziako armadak Raqqa bonbardatu zuen.

“Etsaia borrokatzeko bide bakarra, epe laburrean irabaziak lortze aldera nonahi bidegabekeria zabaltzen duen sistemaren aurka egitea da”, ondorioztatu dute adierazpenean. Gaineratu dute indarkeria ez dutela sortu Osama Bin Ladenek edo Estatu Islamikoak, iparraldearen eta hegoaldearen arteko desberdintasun gero eta handiagoek baizik.

Etsairik txarrenetakoa Estatu Islamikoa dela diote, baina gogora ekarri dute Frantziaren arma erosle nagusietakoak, Saudi Arabiak, sare yihadistak finantzatzen dituela eta eskubide ugari urratu: “Yemeneko gerran zibilak eraso dituzte, beraz Saudi Arabia bonbardatuko dugu? Ala sumina unean uneko aliantza ekonomikoen araberakoa da?”. Saudi Arabiak 3.000 milioi dolarreko armamentu eskaria egin berri dio Frantziari.

Frantzia estatu “bonbero-piromano” gisa irudikatu dute; gerra batetik irten eta beste batera sartzen dena. Gogora ekarri dituzte Frantziak parte hartu duen azken gerrak: Afganistan, Libia, Mali eta Afrika Erdiko Errepublika. Argi dute kasu guztietan gerraren ostean egoera larriagoa dela herrialdeotan, eta herritarren eskubideen gainetik jarri direla Frantziako enpresen interesak. Siriakoa bide beretik joango dela argi utzi dute.

Adierazpena sinatu dutenetako batzuk: Ludivine Bantigny, Emmanuel Barot, Déborah Cohen, Eric Hazan, Sabina Issehnane, Razmig Keucheyan, Marius Loris eta Marwan Mohammed.

Adierazpenarekin bat egin daiteke change.org-en sinatuz.

-Jatorrizko testua, frantsesez.

-Gaztelaniazko bertsioa.