argia.eus
INPRIMATU
Nori egin liezaioke mesede hauteskunde berrietara deitzeak?
  • PPk irabazi ditu Espainiako hauteskunde orokorrak, baina gobernu berria eratzea ez zaio erraza suertatuko. Ciudadanosekin ez du babes nahikorik, eta PSOEk momentuz argi utzi du ez duela PPren gobernurik babestuko.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko abenduaren 22a
Bigarren hauteskundeetara deitzeak ondorio ezberdinak izango lituzke Espainiako lau alderdi nagusietan.

PSOEren barruan ere ez dute begi onez ikusten Podemosekin batzea, besteak beste Kataluniako afera dela eta. Badirudi, momentuz hauteskunde berriak direla aukera nagusia.Aukera horrek ondorio ezberdinak izango lituzke Espainiako lau alderdi nagusietan eldiario.es-en azaldu duten bezala. Bigarren hauteskundeak deituz gero, Ciudadanos izango litzateke galtzaile nagusia, bere botoak PPra joan litezkeelako. PPrentzat printzipioz lagungarria liteke “boto erabilgarria” lortuko zuelako, baina Mariano Rajoyren lidergoa zalantzan paratu lezakete alderdiaren baitan. Podemos pozik legoke hauteskunde berrien aukerarekin, Pablo Iglesiasek hauteskundeen osteko prentsaurrekoan adierazi zuen bezala. PSOEn ostera, aukera horrek zalantzak sortu ditu.

Ciudadanosen jarrera  adierazgarria da oso. Jakinik alderdia boteretik urrun geratu dela, eta bigarren hauteskunde batzuetan euren boto asko PPra joango zirela, Albert Riverak PSOEri eskatu dio PPri gobernua osatzen uztea. Kataluniako hauteskundeen ostean ordea, Masek gobernua osatzea ezinezko zuela ikusita, Ciudadanoseko hautagai Ines Arrimadasek hauteskunde berriak eskatu zituen.

PPren kasuan babes gehiago lortu lezakete, baina Rajoyk bigarren itzulia ekidin nahi du bere lidergoa zalantzan ez jartzeko. Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak alderdiko buru berria aukeratzeko kongresu “irekia” egitea eskatu dio.

Podemos bigarren hauteskundeen aldekoa da. PPk gobernua osatzea lortuz gero, ez du eragin handirik izango eta horregatik hauteskunde kanpainako goranzko joera baliatu nahi du babes handiagoa lortzeko. Ikusteko dago, bigarren hauteskundeak deituz gero Podemos eta IU batera aurkeztuko liratekeen.

Alderdi sozialistan zalantzak dituzte. Zuzendaritzan ez dute argi hauteskunde berriek lagundu edo kalte egingo lioketen.