argia.eus
INPRIMATU
Norgestión & Audyge izango da Fagor Etxetresnen administratzaileetako bat
  • Banco Popularrek aukeratu du auditore donostiarra. Beste konkurtso administratzailea zein izango den CNMVk erabakiko du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko azaroaren 21
Auditoria eta aholkularitza juridikoan adituak diren bi enpresen arteko aliantza berri bat izango da FEEren administratzaileetako bat.

Azaroaren 19an Donostiako 1. Merkataritza  auzitegiko epaile Pedro José Malagonek Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) borondatezko konkurtso eskaera onartu zuen eta auziaren konplexutasuna ikusita, administratzaile bana izendatzeko agindu zien Banco Popularri eta CNMVri.

Banco Popularrek FEEren hartzekodunen artean lehentasuna du, finantza erakunde honi zor diolako diru gehien kooperatibak. Europa Press-en esanetan Norgestión & Audyge aukeratu du bankuak administratzaile; auditoria eta aholkularitza juridikoan adituak diren bi enpresen arteko aliantza gaztea da eta Donostian du egoitza.

Noticias de Gipuzkoak gaur publikatu duenez “Gipuzkoako ehun ekonomikoa ondo ezagutzen duen tokiko administratzaile” baten alde egin du Banco Popularrek, “auditoria multinazional bat hautatzeko presioak izanagatik ere”.

Beste administratzailea CNMVk (Espainiako Balore Merkatuen Batzorde Nazionala) aukeratu behar du, FEEk merkatuan kotizatzen diren baloreak jaulki zituelako. Bertako presidente Elvira Rodriguezek berriki esan du Fagor marka salbatzea espero duela “enpleguagatik eta Espainiagatik”. Aitzitik, Noticias de Gipuzkoak iradoki du KPMG multinazionala aukeratu dezakeela administratzaile, Poloniako Fagor Mastercookekoa ere badelako.

KPMG munduko laugarren auditorerik handiena da. Halako konpainiek euren negozioa zabaldu dute kiebran dauden enpresen konkurtsoetara; etekin milioidunak irabaz ditzakete, legeek ezarritako arantzelak handiak direlako.

Finantza erakunde, burtsa ikuskatzaile eta auditoreen esku dago beraz Fagor Etxetresnak, “legea kooperatibentzako pentsatuta ez egotearen arazoa”, Berriari Angel Toña ekonomialariak esan dion legez. Eta ez dirudi Arizmendiarrietaren pentsamendutik oso hurbil daudenik.