Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, irailaren 26an Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gas hodien kontra izandako erasoetan Erresuma Batuko itsas armadako unitate batek hartu zuen parte. Erresuma Batuko Gobernuak Errusiaren "akusazio faltsuak" ukatu ditu.
Kremlinak Nord Stream gas hodien kontrako "eraso terroristaren" atzean Erresuma Batua dagoela ziurtatu du. Telegram bidez bidalitako mezuan, Errusiako Defentsa Ministerioak azaldu du itsas armada britainiarreko unitate batek hartu zuela parte sabotajean. Areago, bere esanetan, unitate berak Itsaso Beltzean, Sebastopolen, errusiar itsasontzien kontra izandako erasoetan ere hartu du parte, ukrainarrak dronekin lagunduz.
Hain justu, azken eraso horiek direla-eta Errusia zerealak eta laboreak garraiatzeko "korridore seguruaren" hitzarmenetik aldendu da eta eten egin du akordioa. Ukrainak eraso horiek "aitzakia" gisa erabiltzea egotzi dio Errusiari.
Nord Stream gas hodien kontrako sabotejeen kasuan, Errusiako Defentsa Ministerioak azaldu du britainiar armadako kideek erasoaren "planifikazioan, antolaketan eta inplementazioan" hartu zutela parte, baina ez du frogarik eskaini hori ziurtatzeko. Irailaren 26an, Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gas hodien leherketaren ondorioz milaka tona gas natural isuri ziren Baltikoko Itsasora eta Europako hainbat herrialdeentzako funtsezkoak diren energia iturri horiek erabilgarri izateari utzi zioten.
Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak, bere aldetik "fikzio" gisa hartu ditu Errusiaren "akusazio faltsuak".