argia.eus
INPRIMATU
Norbanakoak, udalak eta hezkuntza ardatz EHEren ikasturte berrian
  • Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak (EHE) 2014-2015 lan urterako Nazio Plangintza onartu du larunbatean Lakuntzan egindako batzarrean. Jorratu beharreko hiru ildo nagusi ezarri dituzte: norbanakoen aktibazioa, udalen euskararen aldeko hizkuntza politikak babestu eta sustatzea eta eskola euskalduna aldarrikatzea.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 29a
Nazio Batzarra Lakuntzan egin zuten larunbatean (argazkia: EHE)

EHEk 35 urte beteko ditu azaroaren 4an, eta euskararen normalizazioaren geroaz hausnartzeko mahai-ingurua antolatu du egun horretarako. Apirilaren 18an beste hitzordu garrantzitsua ezarri du EHEk, egun horretan ospatuko baita Euskaraz Bizi Eguna.

Hainbat ekimen eta dinamika antolatuko ditu EHEk 2014-2015 lan urtean. Euskaraz Bizi dinamikaren baitan hiru ildo nagusi lehenetsi dituzte.

Norbanakoen aktibazioa

Euskararen normalizazioan norberaren jarrerak paper garrantzitsua duela nabarmendu du EHEk.

Horregatik, euskaldunak euskararen alde “egotetik” euskararen alde “egitera” eraman nahi ditu eragile euskaltzaleak.

Adierazi dutenez, “norberak euskaraz bizitzeko egiten duen haututik hasten da aldaketa”, euskal hiztun komunitatea aktibo egon dadin.

“Udalak eta biok euskaraz” / “Herriko etxeak eta biok euskaraz”

Iaz abiatutako dinamika da hau: administrazioei eskari indibidualak aurkeztea udalen eta herriko etxeen eta norberaren arteko harremana euskaraz izateko helburuarekin.

Aurten beste urrats bat emango dute dinamika honen baitan: hizkuntza politika eragingarri eta eredugarriak indarrean jartzen dituzten udalak eta herriko etxeak babestea, eta horiek onartzeagatik salaketak jasotzen dituztenei sostengua adieraztea.

EHEk salatu du iaz Lapurdin, Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 70 udal eta erakundek baino gehiagok salaketak eta helegiteak jaso zituztela hizkuntza irizpideak ezartzeagatik.

“Guk eskola euskalduna!”

“Euskaraz biziko den herria eraikitzeko ezinbestekoa da ikasle euskaldun  eleanitzak euskal curriculumaren baitan heziko dituen hezkuntza eredua”, aldarrikatu du EHEk.

Espainiako eta Frantziako hezkuntza ministroen erreformek hori saihestea helburu dutela ere salatu dute, eta horren aurrean alternatibak proposatzearen garrantzia nabarmendu dute.

Seaskaren aurkako erasoak eta ikasketak euskaraz egiteko eta Iparraldean Baxoa euskaraz pasatzeko eragozpenak ere salatu dituzte.