150 norbanako ezagunek, eragilek eta sindikatuk euren babesa adierazi diote 5ak Gasteizen kanpainari eta Arabako auziperatuei. Patxi Zubizarreta idazleak landu du manifestua eta Jose Angel Cuerda alkatea, Maider Unda, Pou anaiak, Evaristo, Juanito Oiarzabal edo Toti Martinez de Lezea daude sinatzaileen artean.
Irailean hasiko da Herrira plataformaren, Etxeraten eta euskal presoen abokatu, mediku eta psikologoen aurkako epaiketa, 11/13 sumarioa deritzona. Testuinguru honetan, auzipetuei babesa adierazteko ekimen sorta egiten ari dira hilabeteeotan Gasteizen eta Arabako beste puntu batzuetan 5ak Gasteizen dinamikaren baitan.
izan ere, auzipetutako 47 lagunetarik bost Arabako bizilagunak dira: Ane Zelaia, Nagore Lopez de Luzuriaga, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de la Calle eta Izaskun Abaigar. 14 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute Zelaia eta Gonzalezentzat, 11 Abaigar eta Lopez de Luzuriagarentzat, eta 12 Lopez de la Callerentzat.
Behin dinamika aurkeztuta, atxikimenduen unea iritsi da. Oraingo honetan, Araba mailako norbanako eragile edo sindikatu ezberdinek sinatutako manifestua aurkeztu dute Gasteizen, atxikimendu zerrenda luze eta anitz batekin batera.
Patxi Zubizarreta idazleak idatzitako manifestua irakurri dute agerraldian -beherago osorik irakurgai- Zubizarretak berak eta Arantza Basagoiti etika irakasleak: “Horrexegatik gaude hemen, temati, Ez eroso, epaiketa honi Ez esateko, hitza gastatuta eta nekatuta dagoen arren, Jon Maiarenak bezalako hitz baikorrekin, hitz eraikitzaileekin bidegabekeriak salatzeko eta mezu ederrak zabaltzeko, Gasteizko bostekin bat egiteko, Ane, Egoitz, Izaskun, Nagore eta Gorkarekin, elkartasunez, Bai, elkartasunez blai“.
Bestalde, datozen egunetarako prestatu dituzten zitak ere gogoratu dituzte. Uztailaren 27an, larunbatean, Txapuzoi Eguna egingo dute: 10:30ean bizikleta-martxa egingo dute Landako urtegira Konstituzio plazatik abiatuta -kotxez joateko hitzordua 12:00etan izango da, Arriagako parkinetik-; 13:00etan, Landako urtegian bertan, txapuzoi herrikoia, luntxa eta kontzertuak egongo dira.
Abuztuaren 5ean, Gasteizko jaietako elkartasun egunean, Elkartasuna elkartasunari. Berriz ere egingo genuke! izeneko ekitaldia egongo da Txosnaguneko eszenatoki nagusian. Eta, amaitzeko, iraileko zita garrantzitsuak: irailaren 2tik 7ra elkartasun astea mahainguruekin, emanaldi kulturalekin eta bestelakoekin, irailaren 7an mobilizazio nagusia eta irailaren 14an Bilbora joateko deia.
Testua Patxi Zubizarretak landu duen arren, kanpainari euren atxikimendua adierazi diotenen zerrenda askoz luzeagoa da. Norbanako ezagunek, sindikatuek edo Arabako herri mugimenduko beste hainbat kolektibok euren atxikimendua adierazi diote kanpainari eta auziperatuei.
Iñaki Landa, Maider Unda, Aitziber Porras, Iker eta Eneko Pou, Evaristo, Juanito Oiarzabal, Jose Angel Cuerda, Irantzu Lekue eta Toti Martinez de Lezea sinatzaileetako batzuk dira.
Irtenbidera
Ederra da Jon Maiaren mezua, ederrak dira haren hitzak: askatasuna, eskubideak, gure etxea… Baina ez da erraza epaiketa hau bezalako bidegabekeriak salatzea, berriro ere justizia aldarrikatu behar izatea. Zizek filosofo esloveniarrak Siberiara zigortu zuten presoaren historiaren berri eman zigun: lagunak agurtzerakoan, adierazi zien eskutitzak idazten saiatuko zela, baina, zentsuraren beldur, lagunei gaineratu zien kontatzen zuena egia baldin bazen, tinta urdina erabiliko zuela, eta gorria erabiliko zuela kontatutakoa faltsua izanez gero.
Eta, hara non, presoaren lagunek lehenengo eskutitza jaso zuten, tinta urdinez idatzia: Siberian uste baino askoz hobeto zegoela, janaria nahikoa onaz ela, lanak ez zirela hain-hain gogorrak, asteburuetan futbolean jokatzeko aukera zutela, igandeetan dantzaldia izaten zutela eta neskak ere joaten zitzaizkiela; baina lagunei gaineratu zien txarrena zela tinta gorririk ez eskura izatea… Hitzak hain gastatuta daudenez, hain nekatuta, mezuak ere gastatuta daude, apenas geratzen zaien esanahirik, salaketek indarra falta dute, balioa galdu dute. Eta hala ere ederra da Jon Maiaren mezua, ederrak dira haren hitzak: askatasuna, eskubideak, gure etxea… Mezu baikorrekin Ez esaten jarraitu beharra dago, bidegabekeriak gaitzesten, epaiketa honi ezetz esaten. Horrexegatik gaude hemen.
Hitz gastatuen eta eskubide zapalduen ustezko demokrazia honetan, norbaitek esan zuen errepublika idealean hiru pertsona mota izango direla ezinbestekoak, hiru pertsonaren artean sortuko eta eraikiko dela errepublika ideala: ~irakasle bat, maistra edo maisu bat, bizitzen irakatsiko diguna. ~sendagile bat, jaiotzen lagunduko diguna, eta bizitzen ez ezik hiltzen ere irakatsiko diguna. ~eta azkenik Ez esaten duen pertsona bat, giza duintasuna aldarrikatuko duena. Horrexegatik gaude hemen, temati, Ez eroso, epaiketa honi Ez esateko, hitza gastatuta eta nekatuta dagoen arren, Jon Maiarenak bezalako hitz baikorrekin, hitz eraikitzaileekin bidegabekeriak salatzeko eta mezu ederrak zabaltzeko, Gasteizko bostekin bat egiteko, Ane, Egoitz, Izaskun, Nagore eta Gorkarekin, elkartasunez, Bai, elkartasunez blai.