argia.eus
INPRIMATU
Norbaitek nahi ote du zuritik grisera pasatzea Txina Hegoaldeko Itsasoan?
  • Txina Hegoaldeko Itsasoan gaiztotzen ari da gatazka Filipinak eta Txinaren artean. Nabari du oraintsu arte Second Thomas Shoal/Ren’ai Jiao/Ayungin uharrian nahita hondoa jota datzan Sierra Madre filipinar gerraontziaren hondakinen inguruko tirabira batere konpondu gabe, tentsioa, areagotuta, 36 milia ekialdera, Sabina Shoal/Xianbin Jiao/Escoda arrezifera hedatu dela.

Mikel Aramendi 2024ko irailaren 03a

Han, duela aste batzuetatik dago, ainguratuta edo urmaelean pairuan jarrita, beste filipinar ontzi bat, Teresa Magbanua, berri-berria kasu honetan, eta Filipinek gaur egun dituzten kostazainetan handiena. Txinak deritzo Xianbineko ur eta uharri horiek, Ren’aikoak bezalaxe, bere subiranotasunekoak direla, eta baimenik gabe dagoela bertan ontzi filipinarra; guztiz alderantzizkoa da, noski, horien iritzia.

Sierra Madre hondatuak ez bezala, mugikortasun, operatibitate eta eskifaia osoa ditu, ordea, Teresa Magbanuak. Eta horrek zeharo aldarazten du “jokoa” kasu honetan. Txinari ez dio balio lehendabizikoari ezarria dion –eta, pausoka-pausoka, estutzen ari den– “setio-taktikak” (bertan dagoen dozena bat soldaduko destakamentuak aurria utzi dezan), helikopteroz ere hornitu ahal den kostazainaren kasuan.

Eta horrek bai bihurritzen duela Sabina Shoaleko gatazka: dagoeneko, hainbat talka izan dira alde bateko eta besteko itsasontzien artean. Alde bakoitzak, nola ez, bestea egiten du errudun. Giza-galerarik ez da izan, baina bai kalte materialak. Indarrera jarrita, Txinak irabazten du, jakina, bai jazarpenerako erabil ditzakeen ontzien kopuruari dagokionez, eta bai –garrantzitsuagoa izan daitekeena– haien tamainarengatik, kostazain handienen kasuan.

Baina korapiloa erabat ulertzeko, gogoan izan behar da AEBek eta 1946ra arte haren kolonia izan ziren Filipinek elkarren defentsarako tratatua dutela duela hamarkada askotatik, baldin eta bietakoren bati hirugarren batek eraso egingo balio. Eta agerikoa ez ezik Filipinetan batzuek ozen diotena da hori abian jartzea ahalbidetu behar dela. Teresa Magbanuaren egitekoa aise ulertzen da horrela.

AEBen, Japoniaren eta, arestian, Europar Batasunaren hitzezko laguntasuna ez zaio falta Manilari... Baina hortik aurrera, kontuak atera behar dira, eta ematen du horretan eman dutela beta dezente Wang Yik eta Jack Sullivanek azken solasaldietan.

Txina Hegoaldeko Itsasoko krisia, orain arte, “zurian” joan baita. Zuria izaten delako, usu, eta hizpide ditugun herrialdetan, kostazainen kroskoaren kolorea. Kasuan kasuko ikur-marra, idazkun eta zenbakiekin. Egituraz gerraontzien gisakoak izan ohi diren arren, oso arin armatuak izaten dira, betiere defentsa-armekin. Hizpide dugunean, gainera, ez dira zein bere itsas-armadakoak, baizik aginte zibilen manupekoak. Eta krisialdi osoan, ez da “ontzi gris” bat bera ere azaldu ezein aldetatik eszenatokietan.

Grisa izaten da gerraontzien krosko-kolorea. Eta halakoak izango lirateke, ia ezinbestez, ontzi estatubatuarrak Txina Hegoaldeko Itsasoan, agertuko balira. Eta grisak grisari dei egiten dio.