argia.eus
INPRIMATU
Noraezean lau egun zeramaten 105 lagun erreskatatu ditu Aita Mari ontziak Mediterraneoan
  • Goizeko 3:50ean bidali du abisua arrantzale batek eta 6etarako iritsi da Aita Mari salbamendu ontzia. Funtzionatzeari utzi zion motor bakarreko ontzian 105 pertsona aurkitu dituzte, denak gizonak, tartean adin txikiko bi. Lampedusa hegoaldean erreskatatu dituzte, Maltako uretan, eta salbu daude jada.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 19a
Argazkia: SMG / Alfonso Novo

Bidaiariak oso nekatuta daude, lau egun zeramaten noraezean, Itsas Salbamendu Humanitarioak adierazi duenez (Gobernuz Kanpoko Erakunde horren parte da Aita Mari). Jatorriz Egiptokoak dira, Gambiako bat izan ezik.

“Pertsona guztiak seguru daude jada, taldearen ekintza bizkorrari esker”, jakinarazi du Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Maltako Gobernuari eskatu diote porturatzeko baimena. Hain justu, erreskataturiko pertsona asko kostazainek seguruak ez diren portuetara eramaten dituztela salatu du GKEak, eta azpimarratu du Italiakoa eta Maltakoa direla seguruak diren portu bakarrak.