Objektiboa izan nahian, Pedro Sánchez jauna buru duen gobernuaren barruan egon diren mugimendu esanguratsuei so eginez, eta azken erabakien dekretu sinatzeak agerian utzi dituen helburuen aurrean, argiak izan nahi diren zenbait ideia plazaratu nahi nituzke. Barruko haserrea kaleetan erakusten ari den gizartearekin bat eginez, batzuen isiltasunaren eta besteen txaloen aurrean.
Hemen Euskal Herrian, etorkizunaz eztabaidatzen ari bagara, Madrilgo Legebiltzarrean entzuten ari garena beste zerbait da. Nahiz aurrekontuak izan "gaur" Moncloako giltza, beste batzuentzat —nahiz urteak igaro— ETAk bere jarrera militarra amaitu izanak ekarri duen krisialdia gainditu ezinik dabiltza. Ez dute ulertzen, ez dute ulertu nahi, errealitate berri baten aurrean jartzen gaituela, bai gizartea, bai klase politikoa. Baina hala ere, duela hamahiru urte agertzen ziguten jarrera berbera ikusten diegu: liskar zuzena.
Are okerrago, beste zerbaitez solas egiten da. Egonezin instituzionalean kokatu nahi da eztabaidaren arretagunea, eta ez Madrilen bakarrik. Helburu hori dute Gasteizko Legebiltzarrean entzundako irain eta probokazioek.
Irentsi ezinik dabiltza, —nire ustez— beldurraren estutasuna. Guk bai, baina beste inork ez baitu su-etenik, izan ere, memoriak hautatu egiten baitu —komenigarritasunaren arabera— ezkutatu edo ahaztu nahi duena.
Kolonialismoetatik eratorritako "sistema demokratikoen" bultzadaz sortutako mapak ez dira ukiezinak, ez Espainiako Estatuan, ez Europan. Bi komunitate desberdin eta antagonikoak, bakoitzak bere eskubide politikoak zilegi den bezala bilatzen dituztenean, gatazka —ez beti— baina askotan, zatiketarekin konpondu izan da. Horregatik XX. mende hasieran Europa 24 estatu independentek osatzen bazuten, gaur 47 ditu. Kontuan hartzekoa, azken bi hamarkadetan, hamasei direla osatutako estatu berriak.
Ez baita zelai politikoan parte hartze hutsarekin arazo demokratikoa konpontzen, egitasmo guztien gauzatzeko bidea bermatzean baizik.
Behin eta berriro ikusten dugun bezala, hain gutxi trebatua dagoen Espainiako demokraziak ba ote du, —noizbait— izango ote du, britainiarrak Irlandan adierazi zuten adinako sendotasun nahikorik?
Badakit, "orain" ordaina dator, beti dago ordainen bat, eta Espainiako Estatuan, Konstituzioaren ukiezintasunari uko egitean datza. Konstituzioa eraldatzeko proposamenak aurkeztu beharrean gaude, bestela, orain arte ikusi dugun bezala, edozein irtenbidek —etorkizunari begira— alde batek bestea garaitu izanaren porrota besterik ez du ekarriko.
Historiak berak agertzen digu "euskal gatazka" deitu den hori konponbidean jartzeko asmoz negoziazio prozesuren bati heldu zaion bakoitzean Madrilen aldetik azaleratu den sakoneko gakoa. Alegia, Espainiako Estatuaren demokratizazio amaitu gabea hutsegite baten defentsa irmoan oinarritu dela, zer eta Konstituzioaren "ustezko" ukiezintasunaren defentsan.
Komunitate politiko baten etorkizuna ezin da arinkeriaz oinarritu ustezko komenigarritasunezko tabuetan. Ezta Moncloaren aldizko ahulezia baliatuz ere. Etorkizuneko gertakariak benetan hauskorrak lirateke ez balira arduradun gutxi batzuen nahia besterik. Ez du ezertarako balio borondate politikoak ez bada garapen sakon eta iraunkorretan oinarritzen. Besteak beste, bilakaera eta eskubidearen aitortzan.
Berdin zait EAEren aldetik edo Nafarroan. Berdin zait EAJ edo Geroa Bai. Une honetan bakarrik ez, askotan irakurri eta entzun izan diet hainbat belaunaldiko erakunde abertzaleko buruzagiei beraien helburua Euskal Herriaren askatasuna dela, baita Urkullu berari ere.
Hasiera batean, zalantzan jarri ezin badut nirea egiten dudan helburu horren aldeko jarrera, aitortu behar dut nahiko sinesgaitza iruditzen zaidala helburu horren alde egitea PSOE bezalako indar politiko espainiarrekin bat eginez.
Beharbada norbaitzuk esango dute agian ez gaudela une egokian horrelakoak azpimarratzeko. Ezagutzen ditut, badakit nortzuk diren, nork ez ditu ezagutzen ba? Euskal Herria aske nahi dutenentzat, askatasunak esanahi bakarra dauka.
Lehen aske izatearen praxiarekin nenbilen bezala, uste dut, abertzale izatea ere zehaztu beharra dagoela. Abertzale izatea, ez baita Estatutu batean jaso eta hitzarmenak babesten dituen interesak bermatzen duen norbait. Abertzale izatea beste zerbait da.
Ulertzen dut, hausnarketa honen edukiak horrelako galderak sortzen ditu. Behin eta berriro ikusten dugun bezala, hain gutxi trebatua dagoen Espainiako demokraziak ba ote du, —noizbait— izango ote du, britainiarrak Irlandan adierazi zuten adinako sendotasun nahikorik? Erregimen zaharretik eratorritakoak aseko ote ditu? Argiago esanda, egoerak behartzen duen trantsizio berriak eskatzen duen guztiari eutsiko dio?
Denbora dezente igaro arren, gogoan dauzkat Carod Rovira jaunak "gidoiz kanpo" eginiko mugimenduak, ERC alderdiaren bidez Estatut-aren eztabaida kalera atera eta kataluniarrei horren inguruko indarra adierazteko aukera eskaini zienekoak.
Gauzak asko aldatu dira, abertzaleak "mokoka" dabiltza eta orduan "elkarri laguntza emateko mekanismoak" aktibatu zituena, hau da, CiU, non dabil? Hori guztia historia da, eta beti izan da horrela.
Irakurtzen ari zareten lana amaitzera doala, uste dut une egokia izan daitekeela, orain arteko joan-etorri osoari begirada luzea emanez, aitortzeko nazio batek bere askatasuna lor beharko lukeela odol tantarik isuri gabe.
Hemen, Euskal Herriko lurraldean, ez batzuk ez besteak, ez gara etorri berriak, eta denak ezagutzen gara. Historiak agertzen du —ikasi nahi duenentzat— inork ez duela "beti" bide egokia hautatu, eta egia da, baina okerrak zuzentzen ikasita gaude.
Baita bitarteko baketsuak erabiliz gain, indar moral guztiarekin eta nazioartean aitortutako eskubideak aldarrikatuz ere. Horri guztiari euskal gizartearen gehiengoaren borondatea gehituz, ateak irekiko ditugu.
Eta orain, lerroburuari zer erantzun dagokio?
Josu Iraeta, idazlea