argia.eus
INPRIMATU
Nor zen Esteve Materra, lapurtera klasikoz idatzitako lehen obraren egilea?
  • Best-seller baten idazlea XVII. mendean, baina oso ezezaguna euskaldun gehienentzat: Esteve Materraren Doctrina Christiana liburuaren 1617ko ale bat aurkitu izanak lehen planoan jarri du frantziskotar euskaldunberria.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko otsailaren 17a
Kopenhagen agertu da Esteve Materraren liburuaren lehen edizioa. Aziti Bihia elkarteak eman du aurkikuntzaren berri astelehenean.

Aspaldi galdutzat eman zen liburua Kopenhagen agertu dela dioten berriak zabaldu dira astelehenean eta obra aurkitu duen Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteak idazleari buruzko hainbat azalpen eman ditu.

Materraren bizitzaz “ezer gutxi” dakigula aitortzen duten arren, zenbait datu interesgarri plazaratu dituzte Doctrina Christianari buruzko ikerketaren nondik norakoak azaltzen dituen webgunean.

Ez zen sortzez euskalduna: hori da Materrari buruz irakurtzen hasita arreta deitzen duen lehen ezaugarria. Bertrand Etxauz apezpikuaren esanari jarraituz ikasi zuen euskaraz, ustez Axularren maisutzapean, denbora gutxian ikasi ere. Eta ondotik idatzi zuen orain berreskuratu den euskarazko obra.

Ikertzaileek uste dute Materra ez zela nolanahiko eliza-gizona izan bere garaian. Frantsesez ere zenbait lan idatzi, itzuli eta moldatu zituen, erlijioa ardatz zutenak betiere: Parisen argitaratu zituen L´Horologe spirituel (1606) eta Saint exercice sur les dimanches (1606), Diego de la Vegaren lan baten itzulpena azken hori.

Handik urtebetera berriz, Juan Márquez itzuli zuen frantsesera (Les deux états de la spirituelle Hiérusalem militante et triomphante, 1607). Euskarazko dotrinaren ondoren ere jarraitu zuen frantsesezko produkzioarekin, 1628ko Recueil de prières en temps de contagion eta Le Directeur familier (1645) liburuekin.                                                         

Horietatik guztietatik, L´Horloge spirituelekin batera, euskarazko Doctrina Christiana izan zuen arrakasta handiena ikertzaileen aburuz, obra horiek aipatzen baitira ondorengo erreferentziazko lanetan.

Kontraerreformako liburua

Erlijio Gerren ondorengo testuinguruan argitaratu zela kontuan izanda, eta Etxauz izan zuela bultzatzaile –liburua Baionako eta Toursko apezpiku izandakoari eskainita dago–, kontraerreformako obratzat jo liteke.

Lapurdin katolizismo ortodoxoa zabaltzeko asmoz hainbat liburu argitaratu ziren latina ez zen beste hizkuntzetan.Doctrina Christiana izan zen horietan aurrenekoa, baita hamarkada batez euskaraz irakurri ahal izan zen liburu bakarra ere. Lehen edizioak haurrei dotrina irakastea zuen helburu eta horregatik, elkarrizketa gisa prestatutako lana da.

Arrakasta lortu bide zuen, 1623rako bigarren edizioa publikatu baitzen, nahiz eta diferentea izan: Mikel Lizarraldek Berrian jaso duenez, marinelentzat pentsatuta berrargitaratu zuten, haurrei egindako aipamen oro desagertuta.

Mende berean beste bi aldiz ere argitaratu zen, 1648an eta 1693an. Ezagutzen den azken edizioa 1704koa da. Ia mende bateko ibilbidea egin zuen eskuz esku Materraren lanak irakurle euskaldunen artean.