Aurkeztu ditu Brian Currinek Nazioarteko Harremanetarako Taldea osatuko duten kideak. Hemen bakoitzari buruzko sarrera labur batzuk. Ezker abertzalearen legalizazioa eta bake prozesu arrakastatsu baten gaineko konfiantza bultzatzea izango da talde honen zeregin nagusia, Currinek esan duenez. Bihar prentsaurrekoa emango dute, euren lanaz hitz egiteko. ARGIAk zuzenean eskainiko du prentsaurreko hori.
Silvia Casale
Lanbidez kriminologoa da. 1998tik Ipar Irlandako epaien sententzien ikerketako kontseiluko partaide da. Halaber, torturaren prebentzioko batzordearen kide izan da 1997tik, eta hango zuzendari 2000tik 2007ra. NBEko torturaren prebentzioko azpibatzordeko zuzendari ere izan da 2007tik 2009ra. Iaztik, berriz, Europako kontseiluko aholkularia da. 2010eko martxoan Euskal Herrian bizi den gatazkari irtenbide baketsua eskaini nahian publiko egin zen Bruselako Adierazpena sinatu zutenen artean dago.
Informazio gehiago: Euskarazko wikipedian
Alberto Spektorowsky
Israelgo ministro ohia eta 2000ko Camp Davideko negoziazioetan parte hartu zuen Shlomo Ben-Ami Israelgo barne ministroaren aholkulari gisa. Tel Aviveko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasle da. Aurretik Columbiako Unibertsitatean, Wiscosingo Unibertsitatean (Madison, AEB) eta Jerusalemgo Unibertsitatean eskolak emandakoa da, besteak beste.
Raymond Kendall
1985 eta 2000 urteen artean Interpolgo idazkari nagusia izan zen. Erretretarekin batera, aipatu erakundeko ohorezko idazkari nagusi izendatu zuten. Egun, gobernuz kanpoko zenbait erakunderekin aritzen da kolaborazioan, gehienbat segurtasun arloko aholkularitzan. Euskal Herriko egoera politikoari buruzko 2010eko Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa da.
Informazio gehiago: Interpolen webgunean eta euskarazko Wikipedian.
Nuala O’Loan
1999 eta 2007 artean, Ipar Irlandan polizia gaietarako ararteko izan zen. Egun, gatazken erresoluziorako Irlandako errepublikako enbaxadorea da eta Ekialdeko Timorrera bidali zuten arduradun berezi gisa. Euskal Herriko egoera politikoari buruz 2010eko martxoan publiko egin zen Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa da.
Informazio gehiago: Euskarazko wikipedian.
Pierre Hazan
Justizia Trantsizionalari buruzko klaseak ematen ditu Genevako eta Parisko Sciences-Po unibertsitateetan. Liburu ugari idatzi ditu, horien artean Judging War, Judging History, Behind Peace and Reconciliation (Gerra epaitzen, historia epaitzen, baketik eta adiskidetzatik harago). NBEren Giza Eskubideetarako Goi-komisaritzaren Bulegoarekin kolaboratu izan du, eta AEBetako Bakearen Institutuan (USIP) ikerlari bezala aritu zen lanean. Kazetari gisa nazioarteko krisi asko jarraitu ditu, Balkanetan eta Afrikan, adibidez.
Informazio gehiago: Bere webgunean.