argia.eus
INPRIMATU
Nor da Artur Mas epaitzen ari den Barrientos?
  • Hautsak harrotu ditu azken egunotan Artur Masen kontrako auziak. 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeagatik epaitzen ari dira Generalitateko presidente ohia, baina zeresana ez da soilik Masen partetik etorri, epaileak ere badu zerikusirik. Jesus Maria Barriento Pacho, Kataluniako Auzitegi Nagusiko lehendakaria da epaileen burua, eta jarrera oldarkorra erakusten ari da epaituekin.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 09a

Barrientosek aginte-kolpe bat izan zuen epaiketaren lehen egunean. Masek adierazi zuen “galdetu beharko litzaiokeela Auzitegi Konstituzionalari zergatik ez zuten ezer egin” beren epaia betearazteko azaroaren 9an.

Epaileak moztu egin du Masen deklarazioa esanez ez dela bere egitekoa galderak egitea, erantzutea baizik. Hitz-hartzeak harrituta eta zer esanik gabe utzi du defentsako abokatua.

Baina ez da Barrientosek zeresana eman duen lehen aldia, bera izan baitzen “Ciutat Morta” bezala ezagutzen den auziko epailea. Bartzelonan 2006an jazotako auzi horretan, hiru gazteri lau urte eta erdi eta hiru urte eta erdi arteko kartzela zigorrak ezarri zizkien epaileak. Eraikin okupatu bateko festa batean izandako eztabaidan polizia munizipal bat kolpatu eta koman uztea egotzi zien gazteei.

Epaia munizipalen bertsioan baino ez zen oinarritu, nahiz eta kontraesanez beteta egon. Barrientosek uko egin zien defentsak eskatutako hainbat frogari, ez zion jaramonik egin gazteek esandakoari, eta egin zituzten tortura salaketak artxibatu zituen. Handik gutxira, ordea, polizia munizipal berberak beste tortura kasu bategatik zigortu zituzten. “Ciutat Morta” kasua are gehiago nahasi zen epaituetako batek bere buruaz beste egin zuenean kartzelatik irten eta sei hilera. Gainera, bere buruaz beste egin zuen gazte hori ez zegoen okupatutako etxean gertaerak jazo zirenean.

Independentismoa jo-puntuan

Masen auzia ez da Barrientosek Kataluniako prozesu independentistaren kontrako jarrera azaltzen duen lehen aldia. Kataluniako Auzitegi Nagusiko lehendakaritzara hautagai zenean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira bidalitako txostenean kezka adierazi zuen Junts pel Sík irabazitako hauteskundeez: “Irailaren 27ko hauteskundeen osteko egoerak instituzioen arteko harreman arruntak mantentzeko zailtasunak ekarriko dituela aurreikusten da”, idatzi zuen.