argia.eus
INPRIMATU
Nor arduratzen da eskola publikoa zaintzeaz?
  • Duela hilabete batzuk Berria-n izenburu bera zuen beste iritzi artikulu bat irakurri nuen. Ordudanik galdera bera egin diot nire buruari. Idatzi hartan Ordezkagune-arekin egondako kaosa eta utzikeria salatzen zen.

Amets Bengoetxea 2020ko otsailaren 17a

Ordezko irakasleen kexua sare sozialetan irakurri eta ikastetxeetan bizi izan zen. Sindikatuetan telefonoak sutan omen ziren eta alderdi politikoren batzuk hezkuntza sailari argibideak eman zitzala eskatu zioten.

Eusko Jaurlaritzarentzat errua langileena zen, da eta izango da, nola ez? Baja asko hartzen omen ditugu eta hori dena kudeatzea ezinezkoa omen. Aurreko urteetako ordezkapen sistema kaxkarra faltan botatzea lortu dute.

Hezkuntza publikoan ez dago inor aurpegia emango duenik. Pasa den urteko leloarekin argazkia atera eta kito. Hori al da eskola publikoa zaintzea?

Egun haiek pasa ziren, baina kezkak hor darrai. Azken asteetan itunpeko ikastetxeetako lehendakari eta ordezkariak entzun ditut komunikabide zein foro ezberdinetan beraien proiektuak defendatzen. Arduradun hauen lana eta presentzia publikoa ikaragarri handitzen da urte hasiera honetan. Normala da, datorren urteko matrikulak jokoan baitaude. Marketing garaia; ikusi besterik ez dago komunikabideetako iragarkiak edo gure herriko kaleetan jartzen diren kartel pila... , baina, hezkuntza merkantilizatu honetan normaltzat hartzen dugu ikastetxe batek 10 metro oro publizitate kartelak jartzea.

Baina hezkuntza publikoan ez dago inor aurpegia emango duenik. Pasa den urteko leloarekin argazkia atera eta kito. Hori al da eskola publikoa zaintzea? Zeinek defendatzen du orduan eskola publikoaren izena eta izana? Kasu batzuetan Steilas sindikatuko norbait, eskola publikoetako plataformaren bat edo EHIGE-koren bat agertzen da eta borondate onenarekin lan ikaragarria egiten dute. Baina ez da beraien lana.

Zergatik ez dago inor lan hori egiten? Ordezkari politiko eta hezkuntza teknikari pila dauzka administrazioak. Lakuan zein lurralde ordezkaritzetan sektorea kudeatzeko jende mordoa dago, baina borondate gutxi ikusten da, motibazio gutxi esango nuke. Ez daukat daturik, nire inguruan ezagutzen dudana da eta proposamena doakio hau ikertu nahi duenari. Hezkuntza sistema publikoan arduraren bat daukaten pertsonek nora eramaten dituzte/zituzten beraien seme/alabak? Legebiltzarkide, gobernuko zein oposizioko, administrazioko goi kargu, lurraldeetako delegatu, ikuskari, hezkuntzako teknikari, ikastetxe publiko bat dagoen herrietako alkate eta hezkuntza zinegotzi... zerrenda egin, datuak jaso eta publiko egin.

Bide batez, inkesta bera baliatu Osakidetza/Osasunbidea erabiltzen duten galdetuaz edo bestelako mediku aseguru pribaturik baduten.

Alderdi politikoek hauteskundeak irabazi eta publikoak diren arlo ezberdinak kudeatu nahi dituzte; baina irudipena daukat gero ez dituztela erabiltzen

Alderdi politikoek hauteskundeak irabazi eta publikoak diren arlo ezberdinak kudeatu nahi dituzte; baina irudipena daukat gero ez dituztela erabiltzen. Soldata publikoak jaso bai, baina, ez dituzte anbulatoriotako itxaron ilarak pairatzen. Hezkuntza publikoaren alde daudela esaten dute alderdi politiko ezberdinetako ordezkari askok, baina, ez dituzte eskola publikoetako eraikinetan beharrezkoak diren mantenu edo berritze lanak egiten, ezta eskolako proiektu ezberdinak aurrera eramateko baliabide material edo pertsonalez egoki hornitzen.

Euskal eskola publikoa garatzen uzten ez dutenak ez daude Paris edo Madrilen bakarrik, Euskal Herri barruan dauzkagu egoera honen arduradun nagusiak. Ez zaie axola hezkuntza publikoaren kalitatea, badakitelako beraien seme-alabak ez direla bertan egongo.