argia.eus
INPRIMATU
Nondik lehertuko da gure egundoko desordena?
  • Jarrera bakezale eta antimilitarista erakusten ez duen krisiaren aurkako politika oro, herren ibiliko da hasieratik, Rafel Poch La Vanguardiako kazetariak Diario de Berlin blogean idatzi duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko otsailaren 04a
Txinaren eta Japoniaren arteko tentsioak mundu osoari eragin liezaiokeela dio Pochek.

Pochek dioenez, bizi dugun krisiak gerra handi bat sor dezakeela pentsatzea ez da astakeria. Edo alderantziz. Alegia, gatazka militar erraldoi batek hondoratze ekonomikora eraman gaitzakeela uste du. Bi zonaldetara begira dago Poch: “Bai Mediterraneo ekialdean, bai Asia ekialdean, suarekin jolasean gabiltza”.

Siriako gerra zibila

Afrika iparraldetik Ekialde Hurbilera, krisi sakona bizi duten herrialde asko daudela dio Pochek: “Libian, Mendebaldeko herrialdeen interbentzioak herrialdea zatikatu du, eta haren txinpartek Malin hartu dute su. Egiptoko iraultza zibilak aurrera jarraitzen du, planteatu zituen arazo handietako bakar bati ere ez diolako erantzun. Grezian, alemaniar politika gizartea suntsitzen ari da. Zipren, itsasoko gas erreserbak ustiatzeko asmoak turkiar eta greziarren arteko antzinako tentsioak berpiztu ditu. Eta hori guztia ez dago alderatzerik Siriak bizi duen gerra zibilarekin”.

La Vanguardiako kazetariaren hitzetan, han gertatzen ari direnak haustura etniko eta erlijiosoak eragiten ari dira inguru osoan: Libanotik Turkiara, Jordaniatik igarota. “Al-Assaden erregimenaren arazorik handiena, ordea, Iranen aliatua izatea da”, dio Pochek.

Txina helburu

Asia ekialdean ere egoera korapilatsua bizi dute, bereziki Obamak 2011n iragarri zuenetik “militarki” arreta jarriko zuela zonalde horretan. “Helburu bezala Txina duen gatazka bat lehertzeko aukera dago”, uste du kazetariak.

Azken urteetan Txinak zuhurtziaz eta umilki jokatu du kanpo politikaren eremuan, baina gauzak aldatu egin dira herrialdearen behar energetikoek bultzatuta. Txinak beharrezkoa du Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean, baita Indonesiako itsasartean ere, bidea libre izatea, garapen ekonomikoari eutsi nahi badio. “Pekin egoera berri baten aurrean dago”, dio Pochek, mehatxu ugariri egin behar dielako aurre. Besteak beste Obamak bultzatutako setioaz mintzo da kazetaria, Taiwani armak saltzeaz, Japoniak uharte estrategiko batzuen kontrola bereganatu nahi izateaz... “Edozein egunetan, Japoniaren eta Txinaren arteko txinparta batek gatazka serioa eragingo du”.

Guztia loturik dago

Gaur egun, guztia elkar loturik dagoela dio Pochek: Alemaniar esportazioak Txinako merkatuari esker bizi dira; Europako merkatuen hondoratzeak eragina izango luke Txinan, eta alderantziz; eta gauza bera esan liteke AEBei buruz. “Zentzu horretan, sinestezina da krisi ekonomikoaren gaineko analisiek gai militarrekiko erakusten duten axolagabekeria, bi bektoreen arteko lotura ikusi nahi ez balute bezala”.