argia.eus
INPRIMATU
Rikardo Arregi Saria
“Nondik gatozen badakigulako, baita nora goazen ere”
  • Rikardo Arregi Sariak aurten 30. edizioa ospatu du. "Hamar mugarri" saritu ditu aurtengoan, eta horien artean bat "Zeruko Argiatik ARGIAra" izenekoa izan da. ARGIA egiten duen egungo lantaldeak, bereziki eskaini zion saria 1980an ARGIAri eutsi eta ekin zion lehenbiziko lantaldeari. Langile talde haren ordezkari, oholtzara igo ziren, Joxemi Zumalabe gogoan, Josu Landa, Iñaki Uria, Joxemari Ostolaza eta Pello Zubiria. 51 urtez ARGIAn astero publizitatea jarri duen Zinkunegi Optikako Joxemari Zinkunegik eman zien saria. Hauxe da Estitxu Eizagirrek ARGIAko lantaldearen izenean irakurri zuen mezua:

ARGIA @argia 2018ko urriaren 29a
Joxemi Zumalaberi eskainitako irudia eskutan Josu Landa, IƱaki Uria, Joxemari Ostolaza, Joxemari Zinkunegi, Pello Zubiria eta Estitxu Eizagirre. Argazkia: Dani Blanco.

"Bere historia ahazten duen herriak arriskua omen dauka iraganean egindako akatsak errepikatzeko. Hala esaten dute. Ez da hainbeste hitz egiten, ordea, historia ahazten duenak daukan beste arrisku batez: iraganean asmatu zuen lekuan, orain huts egitekoa. Duela ia lau hamarkada, gure aurretik kazetaritza proiektu hau biziarazi zutenek asmatu zutelako gaude gu hemen.

Asmatu zutelako, esan zutenean euskal prentsak euskaraz izan behar zuela, gure hizkuntza burujabea izango bazen eta ez besteren etxeko maizter. Asmatu zutelako, bere buruaren jabe izango zen hizkuntza horrek behar zuela, gutxienez, hedabide burujabe bat; hedabide bat non langileek izango zuten hitza eta erabakia, eta ez beste edozein interes-taldek. Asmatu zutelako, berezko oztopoak eta jarritakoak gaindituz, hedabide hori bideragarri egiten, beste hedabide batzuk sortzen, egunkari oso bat martxan jartzeraino.

Ez ditugu ahazten gure aurrekoek egindako lanak. Ez dugu ahazten lan hori egiteagatik jasan behar izan dutena. Eta ez ditugu ahaztuko bide horretan galdu ditugun lagunak ere.

Ahazten ez dugulako gaude gu hemen. Nondik gatozen badakigulako. Gaur ARGIA egiten dugunok ere asmatu nahi dugulako, duela 40 urte ARGIA egiten zutenek bezala, gure garaikoak izaten eta, era berean, garai guztietarako balio duten printzipio batzuen arabera lan egiten: euskara, burujabetza eta independentzia.

Ahazten ez dugulako gaude gu hemen. Nondik gatozen badakigulako. Baita nora goazen ere".