argia.eus
INPRIMATU
Non dago, baina, zure garaipena

Karmelo Landa @karmelolanda 2020ko uztailaren 14a

Hauteskundeak izan dira oraingoan Euskal Herriaren mendebalde honetan, eta horien ondoren gerta ohi denez, erabateko garaipen loriatsua (auto)aldarrikatzera abiatu da prestu irabazten lar ohituta dugun EAJ.

Luza dakioke gaur EAJri esaldi klasikoan egiten den galdera: Non dago zure garaipena? Hogeita hamasei urte daramatzazu mendebalde honetan gobernutik gobernura, (ia) beti agintean. Orain ere zeure komenientziara osatuko duzu gobernu zahar berritua. Baina galderak hor dirau: garaipena lortu duzu helburuak bete dituzulako? Ala, aldiz, helburuak aldatu dituzu garaipena lortzen jarraitu ahal izateko?

Berez da larria, mendebaldeko euskaldunontzat, guztion ontzia den honetan, zuen lemazain Urkullu gure portu zigortuetatik urrundu eta are mendebalderantz (Revillaren eremuetarantz) edota zentroko zurrunbilorantz (Sánchez eta enparauak) gure itsasontzi hau amiltzen ikustea. Hogeita hamasei urtez gobernuburu izan, eta Euskal Herriaren alde hau beste aldeekin bat egin ordez, urruntzera daramazue beti, urrunago urtetik urtera.

"Garaipena lortu duzu helburuak bete dituzulako? Ala, aldiz, helburuak aldatu dituzu garaipena lortzen jarraitu ahal izateko?"

Euskal Herria, nazio hautsi, hizkuntza galdu, kulturaz arroztu honetan, nazioa berregin eta batzeko ardatza euskara bera denean, zuek, aldiz, espainiera bihurtu duzue komunikazio-hizkuntza nagusi eta itogarri. Ikusi Euskal Irrati Telebista zuen eskuetan zertan ari den.

Mendebaleko Euskal Herri alde honen bilakaera Estatu espainiarra den erdipurdiko sasi-inperio monarkia zale horren sistema barrura eraman, eta bertan kokatzea da zuen grina eta eginbide nagusia. Independentzia, burujabetza, erabakitzeko eskubidea eta gainontzeko bide beregain guztiak baztertuz. Lan horretarako aliatu aproposak hartzen dituzue zuen gobernuetan, alajaina. Ondo dakizue norekin ezkondu eta nor baztertu, nori laguntza zintzoa eskaini eta nori engainua eta iruzurra egin, horretarako emandako hitza jan behar baduzue ere. Eta hori guztia, etika lezioak emateko plantak eginaz, gainera.

Zuen iritzian garaipen handia den eginbide horrek hamaikatxo kostu, higadura eta kalte dakar euskaldunontzat. Gizarte arrakala zabaldu egiten duzue; kultur sormena eskale pobretuen eremu latz bihurtu; langile prestu eta trebeenen ordezkari eta sindikatuak, etengabe bazterreratu; herri-azpiegiturak, diru-zulo izugarri eta gure lurraren kalte-iturri amaigabea. Zuen gobernuen pean, ekologia langileekin batera lurperatzen duzue edota erraustegien bitartez kutsaduraren fabrika egin.

Azken hauteskunde hauen emaitzak begiratu eta bada juzgu oneko euskaldun bat baino gehiago pentsatu duenik: “Hara, ze aukera ederra oraingoa! Legebiltzarrean inoiz baino zabalagoa da abertzaleen eremua; EAJ eta EH Bildu elkartuta, hara ze bide ederra zabal daitekeen, azkenik, gure nazio demokratiko librearen eraikuntzan”.

Ez da, baina, halakorik izango, zuen garaipen partikular horrek aurretik erabat baztertu duelako aukera hori. Ez duzue euskal nazioaren arkitektoak izateko inolako asmorik. Zergatik ote? Euskal Herriak ez duelako garaipen pribatuetarako lekurik eskaintzen. Librea izan behar duelako, aukera guztien joko demokratikoan irekia. Aurrera begira jarria, justizia sozialari, berdintasunari, hautu libreari emana. Eta halako baldintzatan, zuek beldur zarete zuen garaipen pribatibo hau hondatuko ote zaizuen. Hor ez zaretelako agian gobernu guztietako gobernari senpiternoak izango, txandako Estatu-agintari guztien babespean.

Zuen garaipena ez da, orduan, euskal herritarron garaipena. Ez era horretan.