argia.eus
INPRIMATU
“Non da Popo?” galderak ez du erantzunik 30 urteren buruan
  • 30 urte bete dira gaur Jean-Louis “Popo” Larre bizirik azkeneko aldiz ikusi zutenetik. Iparretarrak (IK) talde armatuko zenbait kidek Jendarmeriako agenteekin izandako tiroketa baten ostean izan zen, 1983ko abuztuaren 7an.

ARGIA @argia 2013ko abuztuaren 07a
Popo Larre duela 30 urte desagertu zen.

Tiroketan jendarme bat hil zen eta Larre baso batean sartzen ikusi zuten, Landetako Leon herriko kanpinetik gertu. Indar polizial frantsesek inguruan operatiboa zabaldu zuten, baina militantearen gorpurik ez zen agertu. Larrerekin zer gertatu zen ez da jakin 30 urteren ondoren. Naizek gaur dakarren artikulu honek kontatzen du 1983ko egun hartatik gaur arte kasuak izan dituen gorabeherak.

2000. urtean Leongo tiroketari buruzko epaiketa egin zenean Filipe Bidart, Gabi Mouesca eta Ttotte Etxebeste kondenatu zituzten, baina Larre prozesutik erretiratu zuten. Epaiketa hartan heletako militantearen desagerpenari buruzko frogak desagertu zirela salatu zuten haren senideek.

Pascal Dumonten gorpua

Auziaren kapitulu ilunenetako batek Pascal Dumontekin du zerikusia. Horrela zuen izena Leongo tiroketa gertatu eta bi astera desagertu zen 15 urteko gazte batek. Polizia frantsesak abuztuaren 27an gorpu bat aurkitu zuen Leondik gertuko hondartza batean eta Dumont zela esan zuen, gaztearen familiak behin eta berriz ukatu arren.

Azkenik, poliziaren presioen eraginez, euren semearekin zerikusirik ez zeukan pertsona lurperatu zuen Dumont famliak. “Hemen datza ezezagun batek. Jendarmeriak, Justiziak eta medikuek 83ko abuztuaren 27an inposatu ziguten” jartzen zuen hobian.

Larre desagertu eta 20 urte pasa zirenean onartu zuen Bordeleko epaitegi batek Dumontena omen zen gorpua hobitik ateratzea beharrezko azterketak egiteko. Berandu: gorpuzkinak desagertuak ziren zenbait hilabete lehenago.

30 urteren ostean, asko akordatzen dira oraindik Popo Larrerekin. Autonomia Eraikik deialdi bi egin ditu: batetik gaur Heletako plazan elkartuko dira Larre omentzeko 19:00etan. Bestetik, Makean urriaren 27an Amnistiaren eta Autonomiaren egunaren baitan ere gogoa ekarriko dute IKko militantea.