'Dinagu' Emakume Sortzaileen Kolektiboak antolatutako azokak Astran egingo du bigarren geldialdia urriaren 16an. Diseinuari eta irudiari lotutako produktuen eskaintza egongo da, besteak beste.
Hurrengo larunbatean, urriaren 16an, Gernikako Astrara iritsiko da “Nomadak gaitun!” azoka ibiltaria. Bertan, hainbat emakume sortzailek jarritako 20 postu egongo dira, besteak beste, modako, bitxigintzako, ilustrazioko, zeramikako eta dekorazioko lanekin. "Dinagu" Emakume Sortzaileen Kolektiboak antolatu du azoka ibiltaria eta, Azpeitian lehen geldialdia egin ostean, Bizkaiara egin dute salto. Helburua hasierako bera da: proiektu jasangarrien erakusleiho izatea eta herritarrei ikusaraztea badagoela diseinuaren eta irudiaren esparruan Euskal Herrian ekoiztutako produktuen eskaintza.
Azoka berezi hori Astrako lan-taldearekin eta inguruko Emakume Ekoizleekin batera prestatu dute. Iluntzeko 20:00etatik 22:00etara emakume ekoizleen sukaldea egongo da eta, ondoren, Nebbian taldearen kontzertua, 22:30ean. "Dinagu"-ren sare sozialetan dago informazio guztia.