argia.eus
INPRIMATU
Nolatan (ez duzu) ospitalean erditu?
  • Kontatua dit amonak nola erditu zituen baserrian bai ama eta bai lau  osaba-izebak ere. Beldurrik izan zuen galdetzerakoan, berak “Beldurra zeri?”. Erditzea bai guk eta bai animaliek milioika urtetan instintiboki egiten dihardugun prozesua bada, zergatik diogu horrenbesteko beldurra? beldurra minari, beldurra zerbait gaizki irtetzeari…beldur hori izan ote da erditzea medikalizatzera eraman gaituena? edo ospitaleko ustezko segurtasunak sortu ote digu gainontzeko aukerekiko mesfidantza?

Izarne Totorika Txurruka 2019ko irailaren 02a

Arriskuak gutxitzeko nahi horretan, prozesu natural bat, ospitalean artatu beharreko eritasun bihurtzera pasa gara, eta horrek, etxeko intimitatean, konfiantzazko pertsonek babesturik eta gorputzaren bulkadei mugarik jarri gabe emandako erditzea bizitzeko aukera baztertzera eraman gaitu. Egindako ikerketek diote, arrisku baxuko haurdunaldietan, hartu beharreko neurriak hartu eta profesional talde batekin kontatzen baldin bada, etxeko erditzeek ez dutela ospitaleko erditzeek baino arrisku handiagoa suposatzen. Beraz, haurdunari beldurrarekin erantzun beharrean, zergatik ez diogu informazio guztiaren eskaintza egiten? Profesionalekin prozesu segurua da eta, zorionez, ospitalak eskaintzen dizkigun baliabideak ditugu kasuak ala eskatzen badu erabili ahal izateko. Honekin ez dut esan nahi etxean erditzea ospitalean erditzea baino hobea denik, emakume bakoitzak askatasunez  erabakitzeko eskubidea da aldarrikatzen dudana.

Magaleko emaginek emandako hitzaldi baten harira ulertu nuen  etxean arrisku baxuarekin erditzeko aukera nuela

Magaleko emaginek emandako hitzaldi baten harira ulertu nuen etxean arrisku baxuarekin erditzeko aukera nuela. Gazte eta osasuntsu nengoen, asko zaindu nintzen haurdunaldian zehar, indartsu nengoen fisikoki eta mentalki eta nire bikotea izan nezakeen laguntzarik onena zen. Ondo informatua nengoen, ezagutzen nituen arriskuak eta baita artatuko ninduten emaginak ere. Ezagutzen nuen haien proiektua eta ikusi nuen profesional kualifikatuak zirela. Ni nintzen nire alaba arazorik gabe jaiotzea nahi zuen lehena. Norbaitek dudan jartzen al du?

Zoritxarrez, erditzea den prozesu eder eta magikoa  etxean bizitzeko aukera, gaur egun pribilegio bat da gure herrian eta estatu espainiarrean. Erresuma Batuan, Holandan, Islandian, Danimarkan, Norvegian, Frantzian, Austrian, Zelanda Berrian, Kanadako toki batzuetan edota Washingtoneko estatuaren zati batean Osasun Sistemak finantziatutako aukera den bitartean, hemen, gutxi batzuen eskura dagoen esfortzu ekonomiko bat da, nahiz eta ikusi den ospitaleko erditzeak baino kostu baxuagoa suposatuko ligukeela herritarroi etxeko erditzeak Osasun Publikoan barneratzeak.

Ni neu medikua naiz, ospitaleko lanarekin ikaragarri disfrutatzen duen langilea eta gaixotasunaren aurkako borrokan medikamentu eta teknologiaren erabiltzaile deklaratua. Baina, ditugun erramintak arduraz eta beharrezkoak diren kasuetan erabiltzeko dira eta beldurra ez da kasu horietako bat. Esango nuke, ezjakintasuna eta informazio falta direla jende askok (profesionalak barne, edota bereziki) etxeko erditzeei  uko egitearen eragile nagusia.

Ni neu medikua naiz, ospitaleko lanarekin ikaragarri disfrutatzen duen langilea eta gaixotasunaren aurkako borrokan medikamentu eta teknologiaren erabiltzaile deklaratua

Eskerrak eman nahi dizkizuet Magaleko emaginei, Maria, Clara eta Josuneri, oztopo guztien gainetik zuen proiektuarekin aurrera jarraitu eta emakumeok gure indarrean sinestera garamatzazuelako. Zuen maitasun eta berotasunak, inoiz ahaztu ezinezko esperientzia biziarazi digulako eta zuen jakintzak eta profesionaltasunak gure txikia mundura osasuntsu eta maitasunez beteriko atmosfera batean jaiotzea posible egin duelako. Itxaropena  dut egunen batean zuek eskainitako zerbitzua, pribilegio bat izatetik aukera bat izatera pasako dela.

Bukatzeko, animatu nahi zaitut, zu, emakume, informatzera. Zure gaitasuna zalantzan  jarri aurretik, ospitaletik kanpo  erditzeari beldurra izan aurretik eta beste emakume batzuei kritika egin aurretik, informatu. Segurtasuna ematen dizun tokian eta babestua sentiarazten zaituzten pertsonekin erditu ezazu, garrantzitsuena zure txikia ondo etortzea da, baina informatu eta hausnartu ondoren hartutako erabakia izan dadila, ez beldurrek eta aurriritziek inposatutakoa. Sinistu zure buruarengan.