argia.eus
INPRIMATU
Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?
  • Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur literaturaren bueltako idazle, ilustratzaile, argitaletxe eta liburu-saltzaileen iritziak bilduta. "Urteotan asko aldatu dira gauzak, baina oraindik ere inkontzienteki joera dugu hainbat estereotipotan erortzeko".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko azaroaren 28a
Aztertutako liburuetan ikusi dute batzuetan gizartea aurreratuago doala, ipuinetako iruditeria baino.

Haurren garapenean, berebiziko garrantzia dute ipuinek, gure barne-mundua ulertzen laguntzen digutelako, baita gizartea ezagutzen ere, inguratzen gaituzten balioak eta jarrerak. Ipuinetan rol batzuk oso markatuta badaude eta sarri errepikatzen badira, hala barneratuko du haurrak. Haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen ikertzea helburu, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bateko liburutegia aztertu zuen Parean elkartaek 2020an. Emaitza: azterturiko ipuinen idazleak gizonak dira nagusiki, mutil protagonistak gehiago dira neskak baino, istorioek sarri estereotipo eta rol sexistak erreproduzitzen dituzte eta ipuinen %13an baino ez dira ageri emakumeak zaintzan ez den bestelako rol batean, eta lan egiten agertu direnean, gehientsuenetan irakasle edo dendari lanetan baino ez. Ondorioa, batzuetan gizartea aurreratuago doala, ipuinetako iruditeria baino. "Pentsa, gure alabek ez dute ikusten emakumeak lan munduan gaudenik ere!".

Oiartzungo udal liburutegian antzeko azterketa egin eta antzeko joerak berretsi zituzten. Ikerketaz gogoetatu eta literaturan betaurreko moreak janzteko, irakasleentzako tailerrak eman dituzte eta ipuin ez sexisten gida ere atera dute, Katakrak-ekin elkarlanean. Hurrengo pausoa izan da dokumentala, aurreko guztiaz gain hainbat elkarrizketa jasotzen dituena: Sustraietatik eraldatuz. Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu. Ikus-entzunezkoa astearte honetan emango dute lehen aldiz, Oiartzungo Landetxe aretoan 18:30ean. Durangoko Azokan ere emango dute, abenduaren 7an, Irudienean.

Ainara Azpiazu: "Garrantzi handia ematen diot pertsonaia espektro anitza marrazteari, ume guztiek, ipuinak irakurtzen dituztenean, beren burua errepresentatua ikusi ahal izan dezaten"

Gauzak aldatzen ari dira?

“Iruditzen zait ahots batzuk altxatzen ari direla, batetik eta bestetik, azken urteetan zirrikituak bilatzen dituzten pertsonak ikusten ari garela, bestelako ereduak sortzeko”, dio Lur Gallastegi idazleak dokumentalean, esperantzatsu. Imanol Agirre liburu saltzailearentzat, “azken urteotan ematen ari den fenomenoa” da aldaketa hori; “batzuetan erakusleihoa begiratu eta ‘hara, ez dugu orekatu, goazen saiatzera erakusleihoko autoreak emakume eta gizon izan daitezen’”.

Ines G. Azpiazu ere liburu saltzailea da, eta liburuak ongi aukeratzean eta filtro egokia egitean jarri du azpimarra, “ipuinak hezteko erreminta bat” ere badiren heinean. Ainara Azpiazu ilustratzaileak garrantzi handia ematen dio “pertsonaia espektro anitza marrazteari, ume guztiek, ipuinak irakurtzen dituztenean, beren burua errepresentatua ikusi ahal izan dezaten (neskek, ume arrazializatuek…), nik umetan ez bainuen nire burua irudikatuta ikusten”.

Ipuinak mundu magiko bat eta aldi berean errealitatea ezagutzeko modua direla gogoratu du Carmen Elvira editoreak: “Aniztasuna, generoa… garrantzitsuak dira, eta landu behar dira, baina ez esplizituki”. Gaiari tiraka, “oso pedagogikoki” pentsatutako liburuez mintzo da Gallastegi, “artifizialak, baten batek esango dizu hori ez dela literatura, eztabaida eta saltsa badago”.

Hona dokumentalaren trailerra: