argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Nola uztartu herrigintza eta udalgintza?

Leire Artola Arin 2023ko urriaren 23a
Eskuinean Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko zinegotzia, eta ezkerrean Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria. / Argazkia: Hernani burujabe.

Burujabetza jardunaldiak egin dituzte Hernanin urriaren 19tik 21era bitartean, “esperientzia eraldatzaileak” ezagutu, elkarbanatu eta burujabetzari buruz hausnartzeko. Hernani Burujabe herri ekimenaren bidez egin dituzte hitzaldi eta ekintzak, baina Hernaniko Udala eta Udalbiltza ere izan dira bultzatzaileak. Hain zuzen, herrigintza eta udalgintza ikuspuntu eraldatzaile batetik jorratzea izan da helburua, eta Itsaso Lekuona zinegotziak gogorarazi du hiru erpin dituela Hernani Burujabe proiektuak: herritarra, publikoa eta ekonomikoa. Baina nola uztartu herritarrak udalean, eta udala herrian?

Lekuonak aitortu du askotan udalak “pisu handiegia” hartzen duela eta erpinen arteko oreka bultzatu behar dela, “denok erritmo berdinean jartzeko”. Zaila izaten da, ordea. Lekuonak bi puntu garrantzitsu aipatu ditu, oreka lortu ahal izateko. Batetik, nabarmendu du herritarrek ere erabakitzeko eremuak izateko beharra; hots, udalak herritarrei eskaini behar die eta erraztasunak jarri behar dizkie norbere udalerrian gertatzen denaren parte izan daitezen. Bestetik, herritarrei erabakiguneetan egoteko ardura hartzea eskatu die; alegia, aditzera eman du herritarrek ere euren udalerrietan aktibo izatea eta parte hartzea ezinbestekoa dela. Parte hartzea eskubidea da, baina herriaren, bizimoduaren, Euskal Herriaren edota sistemaren eraldaketa nahi izanez gero, badu betebeharretik ere.

Herritarren ardura hori hartu zuten hainbat hernaniarrek 2021ean, eta Hernani Burujabe ekimena abiatu zuten, “berreskuratu dezagun gure baliabideen kontrola” aldarrikatuta. Udalerriak horretarako testuinguru egokia duela arrazoitu zuten: landa eremuan jarduten duten nekazari eta abeltzainak, industria, merkataritza indartsua, eta baita “borondate politikoa eta herri mugimendua” ere. Ordutik ekimenean dihardute herriko merkatariek, ekoizleek eta ekonomia eraldatzailean dabiltzan eragileek. Sektore aniztasun horren isla izan dira Burujabe jardunaldiak.

Urriaren 19an udalgintzaren eta burujabetzaren gainean hausnartu eta marko teorikoa eman zioten hizlari adituek. Herritarren eta udalen arteko sinergiak nola batu eta eragiteko mugak nola gainditu, horiexek izan ziren landutako bi gako. Esaterako, Laia Forné La Hidra kooperatibako kideak Bartzelonako Udalean izandako esperientzia partekatu zuen, eta gobernantza publiko-komunitarioaren alde egin zuen.

Udaletxeko areto nagusian egin ziren lehen eguneko hitzaldiak; eta administrazioaren espazioan teorizatzetik, udalak kudeatzen duen baina zenbait eragile biltzen dituen Kulturarteko Plaza Feministara igaro ziren urriaren 20an. “Burujabetzak lurreratzeko”, herritarren egunerokoaren ardatz diren lau arlo jorratu zituzten: elikadura, zaintza, hezkuntza eta lana.

Hirugarren egunean, azkenik, kalera egin zuten jauzi. Espazio irekian, herriko plazan, kaleetan... burujabetzen kalejira egin zuten, denok ikusteko moduan herritarren ekoizpen, proiektu eta sorkuntza kulturalak, espazio publikoan. Datozen hilabeteetan ikusiko da ea elkarlan publiko, kooperatibo eta herritarra bideragarria eta eraginkorra den.