argia.eus
INPRIMATU
“Nola ulertu ETBk helduentzako film bakar bat ere ez eman izana euskaraz eta 130 gaztelaniaz?”
  • EITBko zuzendari nagusiak idatziz erantzun dio EH Bilduk luzatutako galderari: “Nola ulertu azkeneko lau hilabeteetan ETBn helduentzako pelikula bakar bat ere emititu ez izana euskaraz eta aldiz gazteleraz 130 film eman izana?”. EITBren erantzun “lauso eta zehaztugabea, inolako konpromisorik gabea” kritikatu du Administrazioan Euskaraz Taldeak.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 05a

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideari erantzun dio emisio digitala lehenesten ari direla, emisio linealaren (telebista tradizionalaren) aldean. Aldeokaren hitzetan, “EITB euskarazko edukiak lehenesten ari da, eta politika horri jarraituz, lanean ari da euskal gizarteari alternatiba bat eskaintzeko zinema eta fikzio kontsumo masiboaren arloan”. Iragarri du fikziozko eta zinemako edukien liburutegi bat osatzen ari direla, 2023an argia ikusi nahi duen Primeran plataforman eskaintzeko.

“Gainera, bikoizketa kontratatzeko prozesuak eraldatzen ari gara, dinamika berri hori aurrera eraman ahal izateko. Hori dela eta, EITBk une honetan lehenengo emisio-leihoa digitala izatea lehenesten du, eta emisio lineala –audientzia oso txikia duena– erreserban du aldi batez”.