Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den izan dute mintzagai.
Hizlari biek dute kriminalitatearekin –hala izenda badaiteke– eta literaturarekin edota kontatzeko artearekin halako lotura estua: Mikel Elorza, Berria-n zutabegile eta Susan editore ez ezik, “kriminalen defentsan” ere aritzen da, abokatua baita ofizioz; eta Edurne Elizondo kazetaria da, besteak beste Itoizko urtegiaren defentsan aritu ziren “kriminalak” –hala izendatua, Bertsio Ofiziala delakoa dixit– elkarrizketatu zituen eta kasua gertutik jarraitutakoa da, baita AHT-aren harira Yolanda Barcina zipriztindu zuen tarta jaurtitzaileen auzia ere, eta, azken hamarkadan bereziki, Baztango Aroztegiaren jarraipena egiten ari da. Solasaldiaren gidari Isabel Jaurena kazetaria aritu da.
Hitz eta pitz aritzeko gaia, hari mutur ugaridun auzi zabala, galdera hauxe bera: nola eraikitzen da kriminal bat?
(H)ilbeltzako antolatzaileek eman diote testuingurua mahai-inguruaren funtzioari, Elorzari zuzenduta: “Mikel, nobela beltzen zalea ez ezik, abokatua ere bazara, eta ondo ezagutuko dituzu kriminalak. Bada, gu ere, Baztanen, ikasten ari gara kriminal izatea zer den eta zer ez. Baina gehiago ikasi nahi dugu, eta abokatu bat, horretarako, bidelagun aproposa izan daiteke”.
Hala, lehen enkargua Elorzari jaurti diote, ez nolanahikoa: defini zer den kriminal bat. Bizi samar erantzun du, etengabe elkar nahasita eta gutxitan esplizitatuta unean-unean literaturaz edo abokatutzaz ari zen: “Cesare Lombroso kriminologoak ezaugarritu eta definitu egin zituen kriminalak, hala nola belarri luzeak izaten zituztela-eta... Argi dagoena da kriminala egin egiten dela. Faktoreak era guztietakoak izan daitezke, baina inportanteenak dira familia eta egoera sozioekonomikoa”.
Tonu zirtolarian jarraitu du solasean, eta bi multzotan bereizi ditu kriminalak: kriminal galtzaileak, hau da, zigortuta eta kartzelan amaitzen dutenak; eta kriminal irabazleak. “Azken horiek Davosen bildu dira orain gutxi”, esan du, aipamena eginda munduko aberatsetan aberatsenak Suitzako Davos hirian elkartu direla kongresu batean, eta Trumpen politika ekonomikoei egin dietela amen. Honela finitu du Elorzak: “Horien kontra egiteko bi aukera daude: desobedientzia ekintza txiki edo handi batzuk egitea, gogor zigortzen direnak; edo literatura egitea, fikziotik edo ez, horien aurka egiteko”.
Hedabideek eraikitzen dute kriminala
Hedabideetan literatura gutxi egiten bada ere, kriminalak eraikitzen jende abil ugari dago zenbait erredakziotan. Kriminalizazioa gizartetik jasotzen da, eta kriminalizatzen hasten da komisarietan, Elorzak abokatu gisa bizi izan duenetik esana, baina eraiki, eraikitzen da komunikabideetan. Argi esan du Elizondo kazetariak: “Botere-harremanetan bizi gara gizarte honetan, eta horrek baldintzatzen du hedabideek nola tratatuko zaituzten”.
Edurne Elizondo: "Segun eta nor zaren eta zein krimen egin dituzun, erraz asko ahazten zaituzte"
Aurrez Elorzak egin duen kriminal irabazle/galtzaile katalogazioari egin dio erreferentzia Elizondok, eta adibide bat ipini du arreta piztu ziona, Nafarroako Legebiltzarrera ate-irekien egun batean eginiko bisitan. Halakoxe leku instituzionaletan ohi den moduan, agintari ohien koadroak dauden gela bat bada parlamentuan. Han topatu zuen Javier Otano presidente ohiarena. PSNko alderdikideari, presidente zela, Suitzan kontu korronte bat atzeman zioten eta dimititu egin zuen 1996an. Auzia preskribitu egin zuten epaileek gerora. Baina ate-irekiera saio horietan ez zuten eroskeria kasuari buruz aipamenik egin, Elizondok oroitu duenez: “Segun eta nor zaren eta zein krimen egin dituzun, erraz asko ahazten zaituzte”.
Diego Yllanesen kasua ere inpunitate horren gisako adibidetzat ipini du Elizondok: “ahaztua izateko” eskubidea aldarrikatu zuen Yllanesek, 2020an espetxetik irten eta berehala. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, ez zion eskaera onartu.
“Aldiz, akusatua kolektibo zapaldu batekoa bada, erraz asko ematen da horren berri; eta, era berean, biktima bada kolektibo zapaldu batekoa, berbiktimizatu egiten da”, adierazi du Elizondok. Zapaldutako kolektiboko kideak bihurtzen dira, finean, kolektiboaren ordezkari. Esaterako, Elizondok gogora ekarri du Iruñeko alkate ohi Enrique Mayak egindako kanpaina bat, zeinak adin txikiko etorkinak seinalatu zituen “segurtasun faltaren” errudun egiteko.
Hedabideek eraikitzen dute kriminala, hein handi batean, hainbat iturri %100ean fidagarritzat jotzen dituztelako. Horiek dira udal baten ahotsak edota Poliziarenak; kuestionatu behar direla adierazi du Elizondok. Besteak beste, agerikoa izan zelako Iruñeko senegaldar Elhdaji Ndiaye-ren kasua: “hil egin zen” batzuen arabera, baina bizilagunen eta lekukoen testigantzek bestelako detaileak eman zituzten.
Elizondoren azken adierazpen horri ipini dio puntua Elorzak: “Bertsio ofiziala, bertsoa bezala, amaieratik eraikia da. Hau da, erabakitzen dute zu zarela kriminala, eta bilatuko dute modua demostratzeko hori hala izan dela”. Gauzak ez dira berri: errelato bat eraikitzen da eta epaile zenbaitzuk erosi egiten dute diskurtsoa. Batzuetan, Elizondoren esanetan, badago indarra bertsio ofiziala iraultzeko –Altsasuko gazteen auzian, esaterako–, baina beste askotan ez. Gero bada hor beste adar bat: hedabide batzuek lau zutabera epaitu dezakete pertsona eta multzo jakin bat, baina absoluziorik balego, gero, baliteke ezer ez argitaratzea.
Hitzaldiaren amaiera partera, mikrofonoaren pilak xahutu dira, eta publikoan zen batek poltsikotik atera du pila bat. Ezin puntua ez-ipini Elorzak: "Kontuz pila bat poltsikoan eramatearekin... Normalena izan daiteke kotxean edukitzea, trementina ('aguarrasa') bezala, baina normalena izan daiteke komisarian ordu batzuk pasatzeko motibo ere izatea"
Eta orain artekoak zer lotura du literaturarekin?
Kazetaritza tresna bat den gisan gizartean eragiteko, onerako edo txarrerako, kriminal bat edo ustezko kriminal bat kokatzen duen leku eta formaren arabera, literaturak asko du hortik. Nolako kontakizuna, halako kriminala. Literatura ona –kazetaritzari lotu ahal zaizkion hitzak dira–, Elorzaren ustetan, krimen bat kontatzen hasi eta gizartea bera nola dagoen kontatzen duena da. Ildo horretatik zihoan Itxaro Bordaren zutabe hau Berria-n eta erreferentzia egin dio Elorzak.
Zineman dezente gehiago landu da kriminalaren figura, bai behintzat literaturarekin alderatuta. Zer esanik ez epaiketak oinarri dituztenak. “Abokatuak apenas ageri gara literaturan; aspergarriak gara”, esan du umorez Elorzak. Ikerlari edo detektibeak, aldiz, bai; baina bere ustetan pisu gehiago dute gizarte makur eta konkretu batzuek. “Kriminala irrelebantea izaten da askotan; testuinguru batek eramana da krimena egitera”. Edo emakume batek bultzatua: “Nire inpresioa da emakumeak normalean ez direla kriminalak, baizik eta dira oso gaiztoak, egon daitezke xaxatzen eta abar, baina krimena bere eskuekin egiten duena gizona da, gizon gizajoa”.
Krimenak kontatzeko maneran, mundu mailan, aldaketak daudela azpimarratu du Elorzak. “Niri nobela beltza gustatzen zait, beltz matea; baina orain beltz brillantea ari gara ikusten, odol zipriztinekin, ikus-entzunezko formatik gertu dagoena”. Basque noir deitu dio horri. Izan ere, hiriburuetan kokaturiko nobela beltzak, erdaretan idatziak ugari, ari dira hedatzen bereziki Ipar Euskal Herrian. “Baina testuinguru politikorik gabeak”, eta hori sumatzen du faltan Elorzak. Hego Amerikako nobela beltza, esaterako, egoera soziopolitikoari oso lotuta dagoela dio, baita Afrikakoa ere, gutxiago iristen bada ere. Elorzak nabarmendu duen formula egoera sozioekonomiko jakin batean trama beltz bat txertatzean datza. Eta hori Euskal Herrian ez dela gehiegi egin dio: “Borroka eta gatazka armatuak baldintzatu dute hori. ETA oso presente dago literaturan, baina egon ez dena da konflikto zehatzagoekin egindako nobela beltza. Badago, baina gutxi”.
Ari zaio horri buelta ematen, ordea. Halaxe nabarmendu du Elorzak. Halako mahai-ingurua antolatu eta jendearen horrelako erantzun bat jasotzea ez baita edonolakoa. Argi dago Elizondo ez dela soilik Dolores Redondo.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
Euskara hutsezko plazen sarea da Doinuele, eta Euskal Herriko zortzi ekimen hauek osatzen dute: (H)ilbeltza (Baztan), Geure Gelatik (Azkoitia), Literaturia (Zarautz), Ziburuko Azoka, Hernaniko azoka, Ikusi Mikusi (Sara), Lazkaoko azoka eta Sormene (Galdakao). Elkarrekin egin... [+]
Azoka hauetara doan edonork izango du %15eko deskontua bertan erosten dituen liburu eta diskoetan. Hiru herri hauetako udalek hartzen dute beren gain herritarren deskontu hau. Giro ederra ziurtatuta egongo da hiru herri hauetan, kultur ekintzak, liburu aurkezpenak eta hainbat... [+]
Haur eta gazteei zuzenduta euskaraz dagoen literatur azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Saran egingo dute eta Euskal Herri osoko 33 eskolatako 1.396 ikaslek, familiek eta arloko profesionalek hartuko dute parte. "Hazi handiak ereiten ditugu haur eta gazte horiengan".
Doinuele euskara hutsezko plazen sareko hurrengo hitzordua irailaren 30ean izango da, Doberaren eskutik, 11:00etan hasita. Zenbait idazlek liburuak aurkeztuko dituzte, tartean Jakoba Errekondok eta Garbiñe Larreak. Bertso saio literarioa eta kontzertua ere egongo dira.
Abuztuaren 31era arte egin daiteke postua jartzeko eskaera. Aurten diskoak saltzeko aukera ere egongo da, lehen aldiz. Emanaldi eta aurkezpenak iragarri dituzte antolatzaileek. Dobera euskara elkarteak antolatzen du euskara hutsezko azoka, eta orain, Doinuele Euskarazko Plazen... [+]
Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA– balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]
Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kidearekin mintzatu gara, Ziburuko IV. Euskal Liburu eta Disko Azokaren bezperan. Irrikaz daude ARGIArekin batera azoka antolatzen duen elkarte honetako kideak, zeruak errespetatuko duen konfiantzarekin, eta argitaletxe zein herritarren artean... [+]
Haira, Adrian Perez, Patxuko Nice eta Ixabe taldeak egonen dira kontzertu laburren bidez beren azken diskoa ezagutarazten. Liburu aurkezpenen gisara, musikagintzan den sorkuntzari ere lekua bideratu nahian dabiltza Baltsan eta ARGIA antolatzaileak. Larunbatean iraganen da... [+]
Baltsan Elkarteak eta ARGIA hedabideak antolatzen dute Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka ekainaren 3an, Euskal Irratiak, Euskal Hirigune Elkargoa, Euskal Kultur Erakundea eta Ziburuko herriaren partaidetzarekin. Larunbatarekin, herriko plazan, aterpe pean, goizean... [+]
Ekainaren 3rako antolatu dugu Baltsan Elkarteak eta ARGIAk Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka, laugarrenez. Azoka honek euskararen erabilera bultzatu nahi du eta horretarako euskaldunei bi gauza eskaini nahi dizkie: kultur lanen kalitatea eta plazan euskaraz lasai egiteko... [+]
Ostiral arratsaldean hasita, hainbat liburu aurkeztu eta solaserako aukera bat edo beste eskainiko dira Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plazan. Mariasun Landari omenduz zabalduko dute azoka.
Euskara hutsezko liburu eta diskoen azokek eta ekimenek indarrak batu dituzte: Doinuele sortu dute guztien artean, Euskarazko Plazen Sarea. Oraingoz, zortzi herri edo ekimenek osatzen dute sare hau eta gaur elkarrekin aurkeztu dute Bilbon aurtengo ekitaldien egutegia. Euskal... [+]