argia.eus
INPRIMATU
Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu
Puigdemontek nola egin zien iskin poliziei?
  • Carles Puigdemonten ihesaldiaren bertsio bat kontatu du La Vanguardiako kazetari Mayka Navarrok, "iturri ofizialetatik lortua". Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu erabili zituzten mossoak nahasteko. Puigdemontek “gaur edo bihar” hitz egingo duela adierazi du bere abokatu Gonzalo Boyek.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 09a

Carles Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyek adierazi du Junts per Catalunyako burua ez dagoela Katalunian eta Espainiako Estatutik kanpo dagoela, RAC1 komunikabidean izandako elkarrizketa batean. Ez du zehaztu Waterloora (Belgika) itzuliko den ala ez, baina adierazi du “gaur edo bihar” hitz egingo duela Kataluniako presidente ohiak. Puigdemontek Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitz egin zuen abuztuaren 8an hedabideen eta 3.000 pertsona ingururen aurrean, non uniformedun eta kaleko jantzitako dozenaka agente ere bazeuden. “Ez dakit noiz ikusiko dugun elkar berriro", adierazi zuen Kataluniako presidente ohiak. Hitzaldiaren ondoren, ez zen Carles Puigdemont berriro ikusi hura Parlamenturaino joateko aurreikusita zegoen –eta ekitaldiko bozgorailuetatik informatu zuten– “giza katean”, eta La Vanguardiako kazetari Mayka Navarrok Puigdemonten ihesaldiaren bertsioa kontatu du, “iturri ofizialetatik lortua”.

Kataluniako Gobernuko Barne sailburu Joan Ignasi Elenak abuztuaren 9an emandako prentsaurrekoan, adierazi du hiru operazio aurreikusita zeudela Puigdemont atxilotzeko, baina ez zela “halako jokaera desegokia espero” Kataluniako “agintari nagusi izan denaren aldetik”. Junts-eko buruak mosso batzuen laguntza izan zuen ihesaldirako, 2017an ihes egin zuenean Lluís Escolà sarjentuaren laguntza izan zuen bezala, La Vanguardiak jaso duenez. Politikariak azken erbestean egon den azken 7 urteetan mosso talde batzuen laguntza izan du, eta horiek izan dira ihesaldia planifikatu eta gauzatu dutenak. Hori dela eta, bi mosso atxilotuak izan dira Puigdemonten ihesaldian parte hartzeagatik.

Aurreko egunetan sare sozialen bitartez zabaldu zen Puigdemont goizeko 08:00ak aldera izango zela Bartzelonako Passeig de Lluís Companys-en. Poliziak informatu du 200 persona inguruk lagundu zutela Puigdemont Garaipenaren Arkuraino, eta "ezin izan zuten gelditu hitzaldia hasi aurretik", elMon komunikabideak informatu duenez. Puigdemont goizeko 09:00ak aldera hasi zen hitzaldia ematen. Bitartean, emakume bat Honda ibilgailu batekin, agertokiaren eskuinean kokatu zen, kopilotuaren eserlekuan gurpildun aulki bat zuela. Agertokiaren eta autoaren artean, ekitaldia antolatu zutenek karpa batzuk kokatu zituzten, eta karpa horietan zeuden kide guztiek lastozko txapelak jantzi zituzten, denek txapel berdina. Puigdemontek hitzaldia bukatu zuenean, bere abokatuak besotik heldu zuen, Puigdemont karpara joan zen, bere jaka erantzi zuen eta gainontzeko pertsona guztiek zuten lastozko txapela jantzi zuen.

Ekitaldiaren antolatzaileek "giza katea" mantentzea eskatu zuten Puigdemont Parlamenteraino eramateko, baina politikaria, diputatu ohi Jordi Turull eta identifikatu ez duten beste pertsona bat, agertokiaren ondoan zegoen Honda ibilgailura igo ziren. Mosso batek kontatu duenez, Puigdemont eta Turull-ek txapel berdina zuten jantzita, eta hiru ibilgailu erabili zituzten ihesaldirako (bi auto eta motozikleta bat). Mossoen komisario nagusi Eduard Sallent-ek mosso horrek esan duena errepikatu du prentsaurreko baten bitartez: "Gertaerak oso azkar gertatu ziren. Puigdemont eta Turull karpa batera joan ziren, txapela jantzi, ibilgailu batean sartu eta lekutik alde egin zuten".

Mossoak ohartu egin ziren Puigdemont auto horretan zegoela, eta kotxeak hartzeko astirik gabe, korrika hasi ziren kotxea geratu nahian. Autoarengana iristeko "hamar metro eskasera" egon zirela esan du La Vanguardiak, baina semaforo-seinalea aldatu zenez, ibilgailuak ihes egitea lortu zuela.

Ciutadella parkearen sarreran –"giza katea" bertatik pasako zen–, Sallent eta Bartzelonako Mossoen komisario buru Montserrat Estruch zeuden, lau polizia-ibilgailurekin batera. Ikerketa bat dago irekita erantzukizunak argitzeko, eta Sallentek publikoki barkamena eskatu du "herri osoari eragindako eragozpenengatik".