argia.eus
INPRIMATU
GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea
“Nola da posible irakasleak EHUn jarraitzea? Urteak daramatza erasoak egiten, eta jakina zen”
  • Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen “erasoak” orokortuak izan direla eta urtetan errepikatu direla azaldu diote ARGIAri Laia Alduntzin eta June Egino GUETeko kideek.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko otsailaren 13a

Astelehenean argitaratu zen lehenbiziko salaketa Instagramen, eta egun horretan bertan antolatu zuen GUETek asanblada irekia astearterako. Bilkura aurretik jada ikasle batzuk haiekin kontaktuan jarri zirela azaldu dute Alduntzinek eta Eginok, “esateko salaketetan kontatzen zena gaur egun ere gertatzen ari dela”.

Hamarnaka salaketa berri

Honezkero “hamarnaka” testigantza jaso ditu GUETek, eta heltzen jarraitzen dute. Denetariko testigantzak daudela azaldu dute. Klaseetan egindako iruzkin sexistak edo ikasleekiko mespretxuzkoak, eta batez ere bulegoan, irakaslea ikasleekin bakarrik zegoela, izandako portaerak: ukituak, irainak, galdera pertsonal sexual eta intimoak... Sexu erasoa salatu duten ikasleak ere badirela ziurtatu dute (ARGIAk hitz egin duen ikasle ohien arteko batek ere sexu erasoa salatu zuen). “Baina ez ditugu kategorizatu nahi, denak dira erasoak eta denak salatu behar ditugu”, ohartarazi dute.

Egin dituzten asanblada irekietan entzun eta idatzizko salaketetan irakurri dutenaren arabera, badirudi azken urteetan jazarpena ez dela “hain esplizitua” izan, baina jarraitzen duela gertatzen: klasean lekuz kanpoko iruzkin sexualak, matxistak, ikasleen ingurukoak... “bere ikasleek diotenez atmosfera oso bortitza sortzen du klasean”. Tutoretzetan “lekuz kanpoko komentarioak egiten eta egoera bortitza sortzen” jarraitu duela diote. EHUko egungo Errektoretza Taldeak asteazkenean jakinarazi du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela. Baina, ARGIAk jakin duenez, urte batzuk direla, irakaslearen aurkako salaketa aurkeztu zen EHUn eta ikerketa egin zen, jarrera aldaketa txikiak zerikusia izan dezake horrekin.

GUETek antolatutako asanblada bat unibertsitatean.

Kalifikazio baldintzatua

Ikasleek salatu duten beste kontu bat kalifikazioen ingurukoa da: “Batzuk azaldu dute nota hobea jartzen diela jokoa jarraitzen dieten ikasleei, okerragoa egiten ez dutenei, eta horrek ikasle batzuen jarrera baldintzatzen duela”.

Azkenik, berretsi dute irakaslearen jarreren inguruko komentario eta zurrumurruak “oso zabalduta” zeudela unibertsitatean, “urte asko direla”. Hainbat garaitako ikasleen ahotik entzun dute hori, baina zenbait irakaslek ere onartu diete. “Ez dira kasu isolatuak, patroi bat jarraitzen du”, diote GUETeko kideek. “Nola da posible EHUn jarraitzea? Urteak daramatza erasoak egiten, eta jakina zen”.

Erasoak salatzeko unibertsitatean jarritako kartelak.

Asanblada irekiak ardura kolektibizatzeko

“Asanblada ireki bidez landu nahi dugu, fokua eta ardura ikasle guztiengan jartzeko, askotan zama guztia salaketa jarri duten pertsonengan jartzen delako. Baina denon zeregina da konpromisoak hartu eta erreminta kolektiboak garatzea, horrelakorik berriz ez gertatzeko, hori baita helburua”, azaldu dute GUETeko kideek. Iragan asteartean eta ostegunean egin zituzten bi asanblada, eta ostegun honetan egingo dute hirugarrena.

Astearteko lehen asanbladara “80 pertsona inguru” agertu zirela adierazi dute Alduntzinek eta Eginok, campuseko ikasleak oro har, eta Filologia Hispanikoko maila guztietakoak zehazki. Gaiari “testuingurua eman” eta lekukotasunak partekatu zituzten. Ostegunean bigarren bat egin zuten, eta ikasleez gain Filologia Hispanikoko bi irakasle ere agertu ziren. “Zer egin” izan zuten mintzagai, eta erabaki batzuk hartu zituzten: salaketak eta gertatzen ari dena zabaldu –kartelak jarri dituzte fakultatean irakasleak klaseetan egindako hainbat adierazpenekin­–; testigantzak jasotzen jarraitu; eta sinadura bilketa abiatu ikasle eta irakasleen artean.

Horrelako jarreren aurrean “irmo” eta kolektiboki erantzutera deitu dute GUETeko kideek. Erasotzaileei aurre egiteko, baita unibertsitatea instituzio gisa mugiarazteko ere. “Esperientziak erakusten digu egiten dugunean gauzak lortzen ditugula”, adierazi dute, iragan asteko Farmazia Fakultateko edo aurreko ikasturteko Leioako Campuseko mobilizazioak gogoan. Ostegun honetan beste asanblada ireki bat egingo dute Letren Fakultatean, eta besteak beste, mobilizazio batera deitzeko aukera eztabaidatuko dute.