argia.eus
INPRIMATU
Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?
  • Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan itzalpean dauden errealitate sexualak plazara ateratzeko baliabidea” da.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko apirilaren 30
"Armairutik plazara" proiektuaren baitan prestatzen ari diren dokumentalaren irudia.

Hiruki Larroxa kooperatibak sortu ditu “Armairutik plazara” unitate didaktikoak, eta Hernaniko Udalak eman ditu argitara. Sei arlo, sei unitate didaktiko; proiektuetan oinarritutako metodologia darabilte denek eta guztietan ageri dira galdera pizgarriak eta gaiari lotuta ikasleen interes eta jakin-min zehatzak jasotzeko atalak, besteak beste. Arlo bakoitza lantzeko eskaintzen diren baliabideen artean daude artikuluak, elkarrizketak, ikus-entzunezkoak eta bideoklipak, bereziki oinarri hartuta LGBT+ pertsonen lekukotzak (Miquel Missé, Empar Pineda, Kattalin Miner, Imanol Alvarez…).

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailan hasi eta Batxilergoko bigarren mailaraino, maila bakoitzean lantzeko arlo bana proposatu dute egileek, sei unitate didaktiko guztira: gorputzak (gorputzari lotutako diskriminazioak, aniztasun morfologiko-sexuala, intersexualitatea, trans errealitateak, lodifobia, arrazakeria, kapazitismoa...), identitateak (genero adierazpen eta rolak, ez-binarismoa, gure genero biografia, lumafobia…), desirak (desiraren orientazioa, familia eta harreman ereduak, gorroto diskurtsoak, erotika, heteroaraua…), justizia soziala (eskubide sexualak, LGBTI+fobia, askatasun sexuala, harrotasun eguna…), ahalduntzea (LGBTI taldeak, mugimendu sozialak, sexu askapenaren aldeko borroka, kolektibotasuna…) eta memoria (erreferenteak, mugarri eta gertakari historikoak, testigantzak, ikusgarritasuna…).

"Ez dugu gure sexualitatea nola garatu aukeratzerik, arautik at etiketatzen gaituztelako hasieratik eta etiketa horretatik abiatuta garatu behar dugulako gure sexualitatea"

“Irainetatik hasten gara desira ulertzen”

Proiektu zabalago baten parte dira unitate didaktikoak. 2021ean Noiz bukatzen da armairua? liburua kaleratu zuten (liburuaren bueltan, Identitate disidenteak asimilatzen doa sistema, heteroaraura moldatuta" elkarrizketa argitaratu genuen ARGIAn) eta dokumentala prestatzen ari dira orain. Arlo ugariri heldu genien elkarrizketan; ikasleez eta hezkuntzaz ari garelarik adibidez, beren identitate sexuala osatzen ari diren haurrez ere galdetu genien egileei. “Normalean lehenengo datoz muga eta araua, eta ondoren eraikitzen gara gu, eta mugek eta arauek biolentzia dakarte, beraz biolentziatik sortzen gara. Irainetatik hasten gara ulertzen zer den ez bakarrik era bateko edo besteko desira, baita heteroaraua bera ere. Egunero ikusten dugu eskoletan: genero adierazpen jakin bat duen neska-mutilak irain homofoboa jasoko du, jakin aurretik homosexualitatea zer den ere. Ez dugu gure sexualitatea nola garatu aukeratzerik, arautik at etiketatzen gaituztelako hasieratik eta etiketa horretatik abiatuta garatu behar dugulako gure sexualitatea". Garbi dute elkarrizketatuek: "Harreman parekide eta osasuntsuak lantzeak funtsezkoa izan beharko luke hezkuntzan".

Unitate didaktikoak edonoren eskura jarri ditu Hernaniko Udalak, lotura honetan.