argia.eus
INPRIMATU
Nola landu dekolonialitatea eskolan
  • Ikastetxean darabilgun materialean, curriculumean, testuliburuetan, zein leku dute arrazializatuek, zein emakumeek? Eta gure erreferenteen artean? Zein estereotipo eta aurreiritzi atxikitzen dizkiogu hainbat kolektibori? Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte, hori guztia lantzeko ariketa ezberdinak proposatzen ditu Kurrikuluma dekolonizatzen unitate didaktikoak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 09a

Zer da dekolonialitatea? Zer da antiarrazakeria? Eta anti-ijitokeria? Nola sentituko zinateke ikasten dituzun liburuetan zure moduko pertsonak agertuko ez balira? Zein herrialdekoak dira ezagutzen dituzun kirolari, aktore eta influencer famatuak? Pertsona eta munduari buruz dugun ezagutza zein ardatzek baldintzatzen dute? Nork inposatu ohi du historia bakarra?...

Gogoetarako unitate didaktikoa prestatu du STEILAS sindikatuak, ikas-mailaren arabera ariketa ezberdinak planteatuz. Gure pribilegio zuria neurtzen duen inkesta betetzea, adibidez, edo eskolako materialak aniztasuna islatzen ote duen aztertzea, Euskal Herriko Emakumeen V. Mundu Martxaren txostenaz hausnartzea, edota zapalkuntzaren zikloan kokatzea ezagutzen ditugun pertsonak (estereotipoa, aurreiritzia, diskriminazioa, zapalkuntza, barneratutako zapalkuntza, desberdintasuna, estereotipoa…).

Chimamanda Ngozi: Istorio bakarraren arriskua

Ariketetarako materiala ere ikas-mailaren arabera sailkatu dute unitate didaktikoan. Proposatzen dira, hala nola, Jira bira munduari begira jolasak (Haur Hezkuntza), Hodeiekin dantzan edota Behekoak eta goikoak liburuak (Lehen Hezkuntza), Auzokide berriak komikia, Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarraren Istorio bakarraren arriskua hitzaldia edota Ni ez naiz arrazista, baina… dokumentala (DBH eta Batxilergoa).

Irakurri unitate didaktikoa osorik lotura honetan.