Badago arrisku bat iraganeko gatazkei gaur egungo betaurrekoekin begiratzen diegunean: pertsona bakoitzak ditugu gure filiak eta fobiak; eta horietatik abiatuta, beldurgarriki erraza da nola osa dezakezun zintzoen eta gaiztoen kontakizun lau bat, ñabardura handirik gabekoa, baina, hori bai, datuekin kontrastatua.
Beste mota bateko egiak aurkituko ditu irakurleak Slavenka Drakulic idazle kroaziarraren Han ez banengo bezala eleberrian. Egia literarioak nolabait, fikzioaren bidez Jugoslaviako gerraren hesteetaraino eramango gaituztenak, presoentzako eremu batean protagonistak jasaten duena kontatuz.
Idazlearen eskua ez zait nolanahikoa iruditzen obra honetan: hirugarren pertsonako narratzaile baten bidez, pertsonaiaren intimitatea eta hura inguratzen duen izugarrikeria aparteko moduan agertzen zaizkigu. Esaldi laburrak, halako distantzia bat, ez indiferentziazkoa, baizik eta sufrimendua kontagarri egiteko beharrezkoa. “Han ez balego bezala” jokatzea erabakitzen baitu protagonistak, soldadu serbiarren etengabeko bortxaketen aurrean bizirik iraun ahal izateko estrategia gisa.
Gerrako testigantza eskaintzeaz harago –hori prentsak ere egin baitezake–, liburu honek giza kondizioari buruzko ikasgai bat baino gehiago daukala iruditzen zait.
Han ez banengo bezala
Egilea: Slavenka Drakulic
Itzultzailea: Amaia Apalauza Ollo
Pasazaite, 2018
211 orrialde
Artikulu hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.