argia.eus
INPRIMATU
Nola hobetu zerbitzu publikoak

Amets Bengoetxea 2023ko azaroaren 24a

Udazken honetan Euskal Herrian, eta EAEn bereziki, zenbait greba egunetarako deiak zabaldu dira. Herritar moduan, bat egiten dut bai hezkuntza eta funtzio publikoko grebekin, bai greba feminista orokorrarekin. Bizi dugun egoerarekin, behar beharrezkoak ditugu greba horiek.

“Sindikatukerietan” sartu gabe; zerbitzu publikoak erabiltzen ditugunok argi ikusten dugu horien gainbehera. Arduradunen utzikeria; eraikinen edo espazioen mantenu eza; baliabide pertsonalen kudeaketa tamalgarria; pribatizazioak eta zerbitzua eman behar duten profesional askoren nekea begi bistakoak dira. Baina, hala al da?

Zerbitzu horien kudeaketan ari diren politikariek ezetz esango dute; dena ondo doala eta dauden arazoak puntualak direla. Baina erabiltzen al dituzte beraiek, beraiek kudeatzen dituzten hezkuntza, osasun, garraio, zaintza, pentsio... zerbitzu publikoak?

Sistema publiko bat kudeatzen duenari, bertako langile denari, eska diezaiokegun gutxiengoa da zerbitzu horien erabiltzaile izatea

Orokorrean ezetz esango nuke. Zenbat politikari ikusi dituzue anbulatorio bateko aulkietan eserita? Zenbat, eskola publiko baten atean bere senitartekoren baten zain? Zenbat doaz garraio publikoan lanera? Zenbatek jasotzen dute bakarrik 1.080 euroko saria erretiroa hartzean?

Hor proposamen bat: diru publikoa jasotzen duten langile, teknikari, funtzionario eta noski politikari orok, derrigor, zerbitzu publikoak erabiltzera behartuko lituzkeen arau bat sortzea. Ez besterik.

Hartu minutu bat eta pentsatu. Neurri hori indarrean balego, eta lehendakariak erresonantzia bat beharko balu, egun behar diren lau-bost hilabeteak itxaron beharko lituzkeela uste duzue? Edo EH Bilduko alkate batek bere senitartekoak eskola publikoan balitu, eraikinak eta kanpo espazioak egun dauden bezala leudekeela uste duzue? Edo PSEko teknikariren batek gizarte zerbitzuen laguntza beharko balu, zerbitzu horietan dauden itxaron zerrendak leudekeela uste duzue? Edo Elkarrekin Podemoseko parlamentari batek erretiroa hartuko balu, egun dagoen pentsioa soilik jasoko lukeela uste duzue?

Agian bai, baina gauza bat argi dago. Inork ez du beste inor funtzio publikoan edo politikan sartzera behartzen. Etika eta politika ez doaz beti batera; baina sistema publiko bat kudeatzen duenari, bertako langile denari, eska diezaiokegun gutxiengoa da zerbitzu horien erabiltzaile izatea.

Amets Bengoetxea