Gasteizko PDS eta OEE Araba plataformek, beste hainbat eragilerekin batera, manifestu bat aurkeztu dute asteartean etxebizitzarekin lotutako arazoei irtenbideak emateko. Mobilizazioekin hasteko planteamendua ere mahaiaren gainean dago.
Otsailean erakunde ugari bildu ziren eta hauen eta beste batzuen ekarpenak jaso eta gero, "Inor ez etxerik gabe eta etxerik ez inor gabe" izeneko manifestu bat proposatu dute astearteko asanbladan, etorkizunean, hala ikusten bada, mobilizazioekin hasteko.
Manifestua sinatzen duten mugimendu sozial eta eragileek, Arabako jendarteari eta bereziki gasteiztarrei helarazi nahi diete etxegabeen arazoarekin duten kezka. “Gure lurraldean, kalean lo egitera behartuta dagoen pertsona asko dago, etxebizitzarik ez dutelako edo lo egiteko eta bizitza duina aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa den babeslekurik ez dutelako", azaldu diote Hala Bedi-ri helarazi dioten manifestuan.
Pertsona horiek behar duten arreta zerbitzua ez dutela jasotzen uste dute sinatzaileek. “Espekulatzaile, putre funts, banku edo instituzio publikoek etxebizitza negozio bat balitz bezala tratatzen dute eta etxebizitza eskubidea denontzako eskubidea izan ez dadin aktiboki kolaboratzen dute”.
Etxebizitzaren garestitzea eta espekulazio mota guztiak salatzen dituzte manifestuan eta bereziki alokairuko etxebizitzari dagozkionak: “Neurrigabeko prezioak eta gehiegizkoak zein diskriminatzaileak diren klausulak. Era berean, baliabide gutxiko eta premia egoeran dauden pertsonen etxegabetze kasuen igoerak kezkatzen gaitu”.
Maila berean, etxebizitza edo logela baten bila dabilen jendeak topatzen dituen zailtasunak izan dituzte gogoan, “bereziki arrazagatik edo jatorriagatik edo adingabeak euren kargu izateagatik”.
Manifestua sinatzen duten eragileek, egoera honekin bukatzeko presazko neurriak hartzeko eskatuko dute lehenengo neurri gisa.
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.