Datorren larunbatean, hilaren 23an, euskal gatazka langai hartuko dute Iruñeko Laba elkartearen egoitzan egingo den jardunaldian, Gazteluko plazaren 2. zenbakian, Laba eta Karrikiri elkarteek eta Maiatz argitaletxeak antolatuta.
“Oso latza izan da. Nola gogoratu, nola kontatu euskal gatazka” goiburupean egingo dira elkarrizketa bat eta mahai-ingurua. 10:00etatik 11:15etara Emilio Lopez Adan idazleari jendaurreko elkarrizketa egingo dio ARGIAko kazetari Xabier Letonak, Lopez Adanek aurten kaleratu duen liburua aintzat hartuta: Borroka armatua Euskadin, 1967-2011. Berez, hiru liburuki dira, 1967-1980, 1981-1990 eta 1991-2011 garaietan banatuak. Larrun-en ere kaleratu genuen berarekin egindako elkarrizketa luzea.
Atseden txiki baten ondoren hasiko da mahai-ingurua 11:30etan. Emilio Lopez Adan idazleak, Maider Galardi ikerlariak, Emilio Majuelo historialariak eta Samara Velte ikerlariak aztertuko dute nola gogoratu eta nola konta daitekeen euskal gatazka.