argia.eus
INPRIMATU
Nola eraman autogestioa aisialditik haratago?
  • Ostiraletik hasita igandera bitarte lagun ugari bildu da Gazte asanbladen eta gaztetxeen III. topaketetan. Arrotxapeko gaztetxean egin dituzte aurten. Autogestioa zabaltzearen erronkari nola ekin eztabaidatu dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 28a
Arrotxapeko gaztetxearen aldeko argazkia aterata amaitu zituzten topaketak. (Arg.: Topatu)

Iaz Oñatiko gaztetxeak antolatu zituen topaketak, eta aurten Arrotxapekoari tokatu zaio. Ostiral arratsaldean hustu arazitako bi gaztetxeren esperientziekin, Tolosakoa eta Euskal Jai, ekin zieten topaketei. Topaketa hauetan, gaztetxe eta gazte asanbladek eduki dituzten ohiko mugak gainditzeko saiakeran, autogestioa aisialditik haratago nola eraman izan dute eztabaidagai. Zabaltze hori nola gauzatu zehazteko, hainbat ildo landu dituzte aurten: autodefentsa, harremanak eta bizitza. Beste gai batzuk ere landu dituzte, euskara, kirola, etxebizitza eta elikadura, besteren artean.

Horretaz gain, elkar ezagutzeko aukera eduki dute; gaztetxeen inbentario bat egin eta elkar saretzeko saiakera jarri dute mahai gainean.