argia.eus
INPRIMATU
Nola eragingo die pentsioei PPren erreformak?
  • Pentsioak urtero doitzeko formula aldatuko du PPk sustatutako erreformak. Espainiako Lan Ministerioak azaldu duenez, bederatzi urtean 33.000 euroko murrizketa eragingo du neurriak. Inflazioaren arabera, Espainiako Gobernuak gehiago ere aurrez lezake, baina pentsiodunek egungo sistemarekin jarraituko balitz baino diru gutxiago jasoko dute horretarako.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 18a
Aurreztuko duen dirua kalkulatzeko, %1eko inflazioa aurreikusi du Espainiako Gobernuak, baina baliteke ez hala izatea. (Argazkia: dycit.com)

1998tik, Espainiako Gobernuak espero den inflazio-tasaren araberako igoera ezartzen die pentsioei urte hasieran.. Azken urtean, %2 igo da 1000 euro baino gutxiago jasotzen dituzten pentsiodunentzat, eta %1 hori baino gehiago irabazten dutenentzat.

Formula berria

Erreformak pentsioak urtero zehazteko irizpide berria dakar. Hemendik aurrera, kotizatzaile eta pentsiodun kopuruaren erlazioan oinarritutako indizea ezarriko da urtero, eta horren araberakoa izango da ordainsarien igoera. Haatik, bi muga ezarri dizkio Gobernuak indize horri. Gutxienez, %0,25 igoko dira pentsioak, eta gehienez, inflazioa-tasa baino %0,25 gehiago.

Gobernuaren kalkuluen arabera, langabezia-tasa ez da %25etik jaitsiko 2018 arte, eta pentsiodun kopuruak aldiz, goranzko joeran jarraituko du. Hori dela eta, datozen sei urteetan %0,25eko gutxieneko indizea erabiliko dela aurreikusten du Lan Ministerioak.

33.000 euro edo gehiago

Formula berriarekin 2014 eta 2022 bitartean 33.000 euro aurreztuko dituela iragarri du Lan Ministerioak. Datu horiek lortzeko, datozen urteetako aurreikuspena aurreko sistemarekin jarraituz gero ordaindu beharko litzatekeen diru kopuruarekin alderatu dute. Baina orain arteko irizpideen araberako gastuak neurtzeko, 2022 bitartean urteroko inflazioa %1 izango dela  eman dute jakintzat, eta baliteke ez hala izatea.

Izan ere, azken 15 urteotan, urte hasieratik azarora bitarteko inflazioa bataz-beste %2,9 izan da Espainian, eta Europan aldiz, %2,1. Datu horiek datozen urteetan errepikatuko balira, murrizketa 70.000 euro ingurukoa izango litzateke.

El PaĆ­sen arabera, urtean 13.746 eurokoa da bataz-besteko pentsioa. Zenbateko hori oinarri hartuta, inflazioa %1 bada, orain arteko formularekin jarraituta baino 638 euro gutxiago jasoko dituzte pentsiodunek 2019an; inflazioa %2 bada, 1.527 euro gutxiago; eta inflazioa %3 bada, 2.460 gutxiago.