11-16 urte bitarteko gazteen %23ak dio etxean ez dietela inongo kontrolik ez araurik ezartzen, mugikorraren, bideo-jokoen edo bestelako teknologiaren erabilerari lotuta. Nafarroako Ikastolen Elkarteak egindako ikerketaren emaitzetako bat da: “Gazteak digitalki hezten ari diren heinean, familiak arau batzuk ezartzea, akonpainamendu bat egitea beharrezkoa dela uste dugu”.
Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara arteko 1.398 ikasle galdekatu dituzte (11-16 urte inguruko gazteak), hainbat arloren inguruan: sare sozialak, segurtasunari lotutako jokabideak, bideo-jokoak, online apustuak eta familiaren rola.
Teknologia horien erabilera oso zabalduta dagoela ondorioztatu du ikerketak, mugikorra ordu batez edo biz erabiltzen dute egunero, astegunez, eta %30ak onartzen du mugikorrarekin bazkaltzen duela. “Horrek adierazten du sakelakoak eragin duela komunikatzeko formatuan, familia ohituretan”, adierazi du Janire Gracia pedagogia koordinatzaileak, Euskalerria Irratian. Beste galdera bat ere suertatu zaio Reyes Ilintxeta elkarrizketagileari: agian galdetu beharko litzateke gazte horiek bakarrik bazkaltzen al duten…
Sare sozialak komunikazio bide oso zabaldua dira, gehienbat entretenitzeko, lagunekin aritzeko eta informatzeko. Gehien erabiltzen diren plataformak Instagram, Youtube eta Tik Tok dira.
Segurtasunari begira, %80ak uste du sareaz egiten duen erabilera oso segurua dela, baina aldi berean, %30ak pasahitz bera erabiltzen du hainbat plataformatan sartzeko. “Halako kontraesanek erakusten ditugu ikastoletan badugula zer landu. Adibidez, sare sozialetan ezagututako jendearekin bizitza errealean geratu izan dira gazteak, horrek dakarren arriskuarekin”.
Bideo-jokoetan, %45ak onartzen du bere adinerako onargarriak edo egokiak ez diren bideo-jokoetan aritzen direla, eta positiboki begiratuta, gazteak kontziente edo jakitun dira, ez direla haientzako moduko edukiak. Aldiz, “gurasoen aldetik kontrol edo akonpainamendu falta dagoela agerian uzten du”. Aipatu moduan, inongo kontrolik ez dutela dio %23ak, eta higiene digitalerako arau batzuk funtsezko ikusten ditu Graciak, “funtzionamenduari eta ordutegiari lotuta, baita edukiak filtratzea ere, denbora mugatzea, kontrol parentala…”.
%80ak uste du sareaz egiten duen erabilera oso segurua dela, baina aldi berean, %30ak pasahitz bera erabiltzen du hainbat plataformatan sartzeko
Kontrolatu daiteke nerabe baten mugikorra?
Zaila da nerabe bati mugikorra hartu eta zer dagoen begiratzea, komentatu du Reyes Ilintxetak. “Konfiantzan oinarritutako harremana nagusitu behar da, eta argi izan behar da mugikorra norena den eta zein eskumen dugun eta zein ez”, erantzun du pedagogoak.
Online apustuei dagokienez, gazteen %8ak onartu du online apustuetan dirua jokatzen duela, gehienbat kirol apustuetan, “eta kopurua txikia izan arren, guretzat kezkagarria da adin txikiko batzuek dirua jokatzea, ludopatia arriskua ere hor dago, eta landu egin behar dugu hori eskolan”. Azken finean, “datu bilketa interesgarria da, arlo honetan ikastolek heziketan dugun rolaren norabidea ematen digulako. Argi dugu ikasleekin eta familiekin lanketa egin behar dugula, tantaz tanta, jarrera desegokiak saihesteko. Erabilera egokian heztea da gure lana”.
Eskolan, mugikorrak bai ala ez?
Ez da eztabaida berria: mugikorrak baimendu ala debekatu egin behar dira ikastetxeetan? Hego Euskal Herrian, ikastetxe bakoitzak du azken erabakia, eta pedagogoari ere gaiaz galdetu dio kazetariak: “Ez dugu beharrezkoa ikusten mugikorra ikastetxera eramatea”.
Bestalde, eskola jazarpenari aurre egiteko ikastoletan darabilten KiVa programak utzitako ondorioez ere mintzo da ikerketa, albiste honetan jaso genuen moduan.