Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Adurtza-San Ignacio, Santa Maria-Landazuri eta Umandi-Padre Orbiso ikastetxeen arteko fusioa iragarri du Eusko Jaurlaritzak, eta hainbat galderak zeharkatzen dute gaia.
Zein da halako erabakia hartzeko irizpidea eta abiapuntua? Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, ikastetxe horietako hezkuntza proiektuak hobetzea eta segregazioari aurre egitea ekarriko du neurriak. Sindikatuen esanetan, ikuspegi ekonomizista hutsa dago atzean, jaiotze-tasa txikitzen ari dela-eta, ikastetxe kopurua murrizteko asmoz.
Eskola gutxiago eta handiagoak (makroagoak) dira benetan bidea hezkuntza proiektuak hobetzeko? Ikasle eta lerro gehiago pilatuko dituzten eskolak?
Baliabide pertsonalak mantenduko dira hurrengo urteetan? Plaza eskaintza ere mantenduko da? Ala pixkanaka, sindikatuek susmatu moduan, irakasle eta langile kopurua txikitzen, plaza kopurua gutxiagotzen, eta ondorioz eskola publikoaren sarea murrizten joango da?
Eskola gutxiago eta handiagoak (makroagoak) dira benetan bidea hezkuntza proiektuak hobetzeko? Ikasle eta lerro gehiago pilatuko dituzten eskolak?
Zenbat eta nola hartuko dute parte hezkuntza komunitateek? Izan ere, horiekin adostutako prozesuaz mintzatu da Eusko Jaurlaritza, baina aldebakarrez jokatu duela eta ez duela inongo prozesurik adostu leporatu diote sindikatuek, ikastetxe horietako hezkuntza komunitate batzuk iturri gisa erabilita.
Prozesua benetan parte-hartzailea izango bada, zein rol hartuko du Hezkuntza Sailak eta nola bideratuko da bi ikastetxeetako hezkuntza komunitateen adostasuna? Adibidez, bi hezkuntza proiektu, pedagogia eta eredu ezberdin dituzten eskoletan, zein gailenduko da? Edota osotasunean D eredua duen ikastetxea B eredua ere baduen ikastetxearekin elkartzean, zein izango da eskainiko den (edo diren) hizkuntza eredua(k)?
Espazioak birplanteatuko dira? Azpiegiturak egokitu eta berritzeko baliatuko da aukera?
Ez da erronka makala fusionatuko diren ikastetxeek eta administrazioak aurretik dutena. Denbora joango da galdera horiek, eta beste hainbat, erantzuten.