Harreman toxikoek badute beren isla sare sozialetan: kontrola, irainak, mehatxuak, bikotekideari buruzko informazio negatiboa, pasahitzen lapurreta… Bikotekide nerabeen arteko ziber-indarkeriari aurre hartzeko programa pilotua jarri dute martxan EAEko hiru ikastetxetan.
Bikotekideen edota bikotekide ohien arteko indarkeria ez da soilik espazio fisikoan ematen, gaur egun sare sozialek eta internetek aukera handiak eskaintzen dizkio min eman nahi duenari, eta indarkeria mota hau gazteekin lantzeko erremintak behar direla antzeman zuten EHUko hainbat ikerlarik. Hala, sei psikologok eta bi hezitzaile sozialek osatutako PSIDES taldeak proiektu pilotua jarri du martxan hiru ikastetxetan, DBHko 2 eta 3 mailetako ikasleekin gaia jorratzeko (13-15 urte inguruko ikasleekin).
Bikote harreman toxikoak azaleratzen dituen eskailera artikuluan azaldu genuenez, sarri maitasun erromantikoaren mitoan eta harreman estereotipatu eta idealizatuetan erortzen gara, gaizki ulertutako harremanek atzetik ekar ditzaketen ondorio ilunekin. Hori guztia teknologia berrietan ere islatzen dela eta mundu zibernetikoan ematen den indarkeria oso azkar eta erraz hedatzen dela ohartarazi dute programaren arduradunek.
Autoestimu falta, arazo psikologikoak, antsietatea, depresioa… sor ditzake ziber-jazarpenak.
Bikote harremanetan ematen den ziber-indarkeriaren inguruan heztea eta kontzientziatzea da programa pilotuaren helburua, eta horretarako adimen emozionala, sexismoa, genero-rolak, enpatia, segurtasuna sare sozialetan, indarkeria motak… jorratzen ditu nerabeekin, rol-jokoak, eztabaida talde txikiak eta egoera errealen analisiak baliatuz, besteak beste.