argia.eus
INPRIMATU
Nola deshumanizatzen dituzten pertsona migratzaileak hedabideek
  • Pertsona migratzaileak informazio-iturri gisa ez erabiltzea, haien inguruko albisteak irudi sentsazionalistekin laguntzea, beharrezkoa ez denean nazionalitatea azpimarratzea… Hedabideetan pertsona migratzaileak deshumanizatzeko erabiltzen diren mekanismoak aztertu ditu Acoge sareak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko uztailaren 05a
Argazkia: Unicef

2021ean, 26 egunkaritako 3.650 albiste aztertu ditu Acoge sareak, hedabideetan pertsona migratzaileei ematen zaien tratuaz txostena egiteko. Praktika txarrak jaso dituzte eta horietako zazpi bildu ditu Media.cat-ek:

- Iturri gisa haiengana ez jotzea. Aztertutako edukien %83tan ez da migratzaileen ahotsik sartu, hedabideek ez dituzte informazio-iturri gisa hartzen.

- Irudi sentsazionalistak aukeratzea. Pertsona migratzaileei lotutako edukien irudiak aztertuta, irudien %20 desegokitzat jo dituzte, erdia baino gehiago erabat sentsazionalistak direla dio txostenak eta irudien %35ak gainera haurren eskubideak urratzen dituela.

- “Pertsona” hitza saihestea. Aztertutako albisteen erdiak ez du pertsona hitza erabiltzen, migratzaileez aritzeko. Hizkuntzaren ekonomiagatik izan ohi da sarritan, baina pertsona migratzaileak deshumanizatzeari bide ematen dio.

- Hizkuntza alarmista erabiltzea. Jende oldeaz, oldarraldiez, harresiak gainditzeko erasoez… mintzatzen dira hedabideak. Bost albistetik batek hizkuntza hiperbolikoa, militarizatua edo alarmista darabilela dio txostenak.

- Nazionalitatea azpimarratzea beharrezkoa ez denean. Titularren heren bat sentsazionalista dela ondorioztatu dute eta izenburuen %10ak pertsonen nazionalitatea nabarmentzen duela, nahiz eta beharrezkoa ez izan informazioan.

- Migratzaile rolean baino ez erakustea. Pertsona migratzaileei lotutako albisteen %43 baino gehiago mugetako migrazio fluxuez edota migrazio politikez ari da. Haien bizitzaz, generoaz, LGTBI ikuspegiaz… hitz egiten dutenak apenas iristen diren %7ra.

- Haurren ikuspegi ezkorra ematea. Haurrak eta adin txikikoak dira hedabideek okerren tratatzen dituztenak, dio txostenak. Aztertutako albisteen erdiak baino gehiagok gaztelaniazko MENA siglak (adin txikiko atzerritar ez-lagunduak) darabiltzate haurrak aipatzerakoan, albisteen %14 kriminalizatzaileak dira eta %44ari testuingurua falta zaio.