argia.eus
INPRIMATU
Nola daiteke kate publikoan itunpeko ikastetxeak agertzea eta eskola publikoa alde batera uztea?
  • Alerta egoera honetan gauden momentuan, irakaskuntza munduak egoera berri honi egokitze prozesu arin bezain erradikala jaso du. Sare publikoan lan egiten dugun irakasleok, ditugun medioak kontutan izanda, egun gutxitan egokitu eta eraberritu gara.

Itxaso Gabiria @itxasogabiria 2020ko martxoaren 24a

Alerta egoera honek ekarri duen beste ondorio bat medikuntza publikoaren aldarrikapena izan da. Nik neuk, publikoaren defendatzaile sutsua naizen heinean, bat egiten dut aldarrikapen honekin eta bihotz bihotzez eskertzen diot gure osasun zerbitzu publikoan lan egiten duen pertsonalari egindako lana.

"Bereziki harritu nau, eskola publikoaren presentzia ezak"

Sare publikoarekin jarraitzeko, gure kate publikoan, EITBn, asko izan dira Osakidetzaren inguruko mezu positiboak, eta esan dudan bezala, eskertzekoak. Baina, bereziki harritu nau, eskola publikoaren presentzia ezak. Askotan hitz egin dute hezkuntzaren inguruan, eta hainbat itunpeko ikastetxetako zuzendarik eta irakaslek azaldu digute zein ondo egokitu diren egoera berri honetara, publizitate subliminala sartzen ziguten bitartean. Sentitzen dut, baina oso mespretxatuta sentitu naiz, publikoaz harro egoteko momentu honetan, nola utzi dezakete hezkuntza publikoa alde batera? Hezkuntza publikoa berdintasunean hezten duen sare bakarra da, eta hamaika mekanismo aktibatu ditugu gure ikasleez behar bezala arduratzeko; besteak beste, youtubeko kanalak, online saioak, e-mailak, classroom plataforma, blogak eta web orrialdeak sortu ditugu azken aste honetan, beti ere gure ikasleak arreta onena jaso dezaten. Noski, Internet edo gailu teknologikorik ez duten ikasleak ahaztu gabe, hauentzako beste neurri batzuk hartu ditugu: telefono deiak, materiala posta arruntez  bidaltzea... Eskola publikoa guztiona eta guztiontzat baita.

Iritzi artikulu hau bukatzeko modu bakarra ikusten dut, altu eta ozen esaten dut: Euskal Eskola Publikoaz harro sentitzen naiz! Eta espero dut, gure telebista publikoan ere horrela sentitzea eta adieraztea