argia.eus
INPRIMATU
“Nola da posible maskara gabe erditzeko aukera ez ematea?”
  • “Fisikoki, emozionalki zein mentalki horren garrantzitsua den” eta “arnasketak izugarrizko inportantzia duen” erditzeko unean maskara erabili beharra, kontsulta eta ekografietan lagunduta ezin joatea, erditze aurreko laguntza taldeak eta erditze osteko edoskitze taldeak bertan behera gelditzea… Pandemia garaian haurdun egotea nola bizi duen kontatu du Haurrak Ere Bai plataformako emakume batek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 02a

Plataformatik salatu dutenez, haurdunaldia epe berezia da, guztiz emozionala, eta ez da bidezkoa amari, berak aukeratutako pertsona bere ondoan izateko eskubidea ukatzea “eta gainera ardura hori osasun langileek hartu behar izatea, horrek suposatzen duen guztiarekin”. Bere testigantza eman duen emakumearen esanetan, kontsulta nahiz ekografietan, “beharrezko neurriak hartuta, zergatik ezin du amak aukeratutako pertsona batek prozesua gertutik jarraitu eta parte hartu? Zergatik ezin du haurduna emozionalki lagundu?”. Gainera, klinika pribatu askotan ahalbidetzen dutela gaineratu du.

Erditze aurreko laguntza taldeak eta erditze osteko edoskitze taldeak leku ugaritan bertan behera utzi dituztela-eta, neurriak hartuta talde murriztuak antolatzearen aldekoa da plataformako kidea, eta edoskitze taldeak osasun zentroan ezin badira egin, bestelako espazioetan antolatzea proposatu du. “Edoskitzea finkatzen laguntzeko, emakumeok behar dugun sostengu sarea ezinbestekoa da”.

Ospitalean erditzen diren emakumeek maskara jantzita egin behar izatea ere zentzugabea iruditzen zaio: “Nola da posible fisikoki, emozionalki zein mentalki horren garrantzitsua den bizitzako momentu horretan emakumeari maskara gabe erditzeko aukera ez ematea? Nola da posible arnasketak izugarrizko garrantzia duen prozesu natural batean? Ez litzateke nahikoa izango laguntzen duten profesionalek FPP2 edo FPP3 maskara eramango balute?”.

Emakumearen hitzetan, “berriz ere proportzionaltasunik gabeko neurriak ezarri direla sentitzen dut, eta berriz ere talde zaurgarrienen aurka egiten duten bitartean, osasunaren izenean ari direla entzun behar”.