Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon Ruiz de Egino baratzezaina, Eskubaratz proiektuko kidea. Eta Aitziber Plazaola dendaria, Ereindajan kooperatibako kidea. Egonarria saioan azaldu dute zer ekimen jarri dituzten martxan.
Duela hiruzpalau urte jarri zuten martxan Bergarako Elikadura Mahaia, herriko hainbat eragileren artean: Udala, Landa Garapen elkartea, Ereindajan kooperatiba, ekoizleak, Eskubaratz proiektua, herritar norbanakoak... Aitziber Plazaolak azaldu duenez, hasieratik helburu gisa hartu zuten "Bergarako elikadura estrategia garatzea, agroekologia norabide gisa hartuta".
Bakoitzaren perzepzioak eta kezkak partekatu zituzten eta herrian zeuden gabeziei erantzuteko bi lantalde sortu zituzten: Azoka lantaldea eta Errelebo lantaldea.
Bergaran bi azoka bereizten dituzte: bata da eraikina, egunero zabalik dagoena, eta bestea astean behingoa.
Astean behingo hori, lehen larunbatetan izaten zen baina duela zazpi-zortzi urtez geroztik asteazken arratsaldetan egiten dute. Jon Ruiz de Eginok azaldu duenez, "diagnostiko batean ikusi genuen azoketara batez ere adineko jendea hurbiltzen zela, izan ere, larunbat goiza izanda agian jende gazteak ez zeukalako ohiturarik azokara hurbiltzeko. Saiakera egin zen asteazken arratsaldetan eginda beste publiko bat erakartzeko. 2014an edo hasi ginen, eta beno, ez dut esango kristoren tiroia daukanik baina ohitura bat sortu du eta mantentzen da".
Elikaduraren mahaiak, ordea, azoka eraikinari heldu dio. Ruiz de Egino: "Astean zehar ikusten zen eraikina hutsik zegoela, gaur egun harategi bat, izozki denda bat eta labanderia bat soilik daude, horrek ez dio erantzuten elikagaiak egunerokoan lortzeko beharrari". Azoka eraikinari buelta bat emateko lanean hasi ziren, Plazaolak azaldu duenez: "Bi aldetan zeuden postuak eta horietako pila bat hutsik, eta pentsatu zen alde bateko postuak botatzea eta espazio bateratu bat sortzea... Hortik aurrera, Udalak heldu zion eraikinaren lanketari, azpiegitura kontua baitzen. Baina beste alde batetik, proiektuaren edukiaren gainean hasi ginen berba egiten. Eta azoken ideia pixka bat berrasmatzeari ekin genion: ekoizle eta kontsumitzaileen artean zubi bat eraikitzea, irabazi asmorik gabekoa izango dena edo bitartekaritza etiko bat bezala planteatuko dena, eta ekoizle txiki askoren produktuak eskaintzea espazio berdin batean, ordutegi malgu batekin eta helburu bezala edukita herritarrei kalitatezko produktuak eta elikagaiak eskura jartzea...". Denda eta sukaldea dira hortik ateratako proiektuak.
Plazaolak esan du azokak leku gehienetan daudela gainbeheran eta horren aurrean joera ezberdinak hartzen ari direla toki bakoitzean: "Leku batzuetan, hiriguneetan bereziki, turismora bideratzen ari dira azokak, beste leku batzuetan gehiago aisialdiko espazio bezala, elikadurak zentralitatea galduta eta pixka bat azokaren ideia erromantizatuta... Guk hartu dugun bidean elikadura da zentrala". "Lehen sektorea ere bai", gehitu du Ruiz de Eginok.
Azokara erostera doazenen profilaz galdetu die Eli Pagolak Egonarria saioan. Ruiz de Eginok horrela erantzun du: "Profil ezberdinak daude: kontzientziadun jendea, sinisten duena azokaren funtzioa zein den, sinisten duena bertako produktua lortzeko lekua dela... bada beste profil bat ohituraz bizi guztian joan dena eta jarraitzen duena erosketak han egiten. Bada beste profil bat, emakume alargunena, zapaturo irteten direnak erosketak egitera eta elikagai merkeak edo behintzat berak erosteko modukoak bilatzen dituena. Badago ere bai beste profil bat guraso izan berriak direnena, azokara etortzeko ohitura hartu dutenak bat-batean etxean elikadurari garrantzia ematen diotelako... Baina adinari begira, bai, adinez pixka bat aurrera doazenak dira, batez ere".
Hemen duzue elkarrizketa osorik ikusentzuteko:
Bergarako Elikaduraren Mahaiaren bigarren lantaldea erreleboaz arduratzen da. Ruiz de Eginok azaldu du 2022-2023an egin zuten diagnostikoan ikusi zutela Debagoiena bailaran hamar urte lehenago 21-22 baratzezain profesional edo proiektu zeudela eta hamar urte beranduago 11 baino ez zirela, "eta gainera, gelditzen ginen gehienak hurrengo 10 urtean desagertuko ginenak ginen. Ez genuen ikusten errelebo errazik, jendea ez zen hurbiltzen lehen sektorera".
Diagnostiko horrez gain, Biolurren Duina ikerketan parte hartu zuten eta bertako ondorioa izan zen baratzezainek lankarga handia zutela eta soldata jasotzeko oso larri ibiltzen zirela, eta hori izaten zela gehienetan motibo proiektuarekin aurrera ez jarraitzeko.
Egoera horri erantzuteko, Bergarako Elikaduraren Mahaiak "ortulaguntza" zerbitzua jarri du martxan martxo honetan: pertsona bat kontratatu dute egunero bailarako baratzezain profesional baten baratze batera joango dena lanera, lankarga arintzeko. Ruiz de Egino oso gustura dago zerbitzu horrekin eta bere hitzetan, "helburua da ez proiektu bat gehiago erortzea". Kontratazioa Landa Garapen elkarteak egin du, eta elkarte hau udalek finantzatzen dute, beraz, udal denek ikusi dute beharrezko zerbitzua.
Errelebo lantaldeak martxan jarri duen beste lanketa ildo bat eskolak dira. Ikasbidaiko dirua ateratzeko ikastetxe gehienek bonboiak saltzen dituzte, baina Bergaran egindako lanketari esker, eskualdeko produktuz osatutako otarrak saltzen dituzte. Auzolanean osatu dituzte otarrak eta gela barruan ere gaia landu dute. Ruiz de Eginok oso positibo baloratu du: "16 urteko ikasleengana joan ginen gure lanbidea azaltzera, lanbidea hautatzeko adinean daudenean, erakusteko posible dela egitea, kolektiboan, eta bertatik bizitzea".