argia.eus
INPRIMATU
Nola bizi nahi duten hausnartu dute Euskal Herriko Neska* Gazteen topaketetan
  • Euskal Herriko Neska* Gazteen sareak Usurbilen (Gipuzkoa) egin du Baterajotzea, urriaren 13tik 15era bitartean. Herrietako batzarretan eztabaidatutako zenbait gai elkarrekin lantzeko eta erabakiak hartzeko topagunea izan da. Baina, batik bat, greba feminista orokorrera begira indarrak hartzeko baliatu dituzte egunok.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 16a
Feminista gazteak Usurbilgo Oiardo kiroldegian. Argazkia: Noaua.

Izan ere, aurtengo Baterajotzearen ezaugarria izan da testuinguru berezi batean etorri dela: azaroaren 30ean greba feminista orokorra egingo dute Euskal Herriko osoko mugimendu feministako kideek, eta hori antolatzeko beharrezkotzat dute neska gazteek elkarrekin gogoetatzea.

Askotariko gaiak landu dituzte hiru eguneko topaketan, eta garrantzi berezia eman diote zaintzarenari, azaroaren 30eko grebaren funtsa baita. Ondoko galderei erantzuten saiatu dira gazteak: Zein toki dute neska* gazteek zaintza-sisteman? Zer aldarrikatu nahi dute greba feministan?

Usurbilgo Noaua hedabideak kiroldegian egindako ekitaldi nagusiko mezua jaso du. Gaur egungo bizitza ereduak gazteak prekarizatzen dituela adierazi dute eta etorkizuna beraiek marraztu nahi dutela gaineratu. Noaua hedabidean mintzaldiaren laburpena duzue idatziz, eta ikus-entzunezkoan diskurtsoaren zati bat.

Urriaren 14ko arratsaldean mobilizazio jendetsua izan zen Usurbilgo kaleetan. Horren berria eman du Noauak beste albiste batean ikus-entzunezkoaren eta argazki sortaren bidez.

Topaketen aurretik, Leire Artolak, ARGIAn, Uma Ulazia eta Maider Barañano Euskal Herriko Neska* Gazteen sareko kideak elkarrizketatu zituen: “Ez da kasualitatea neska gazteok izatea haurrak zaintzea bezalako lan prekarizatuak betetzen ditugunak”