argia.eus
INPRIMATU
Nola bermatu eskoletako sukalde eta jantokiak pandemia garaian
  • “Uneotan, premiazkoa da jantoki-zerbitzua eskubide gisa jorratzea, ikastetxe publiko guztietan kalitate bera bermatuz”. Abiapuntu horri helduz eta hainbat adituren laguntzaz, txostena egin du Gure Platera Gure Aukera ekimenak, pandemia garaian zerbitzua uneoro mantentzeko jarraitu beharreko urratsekin.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko irailaren 22a

Elikadura osasuntsua eta kontziliazioa oinarri, ikasleei jantoki-zerbitzua bermatu behar zaiela argi du Gure Platera Gure Aukera ekimenak. Gainera, tokiko ekoizpen-sarea ahulduta dagoen garaiotan, bertako produktuak sustatzeko eskola-jantokiek zeregin garrantzitsua izan dezaketela nabarmendu dute.

Eta gelan bazkalduko bagenu?

Hainbat proposamen egiten dira txostenean, COVID sasoian eskolako jantokiak zaintzeko: segurtasun neurriei begira, sukaldeko eta jantokiko zerbitzu seguruak antolatzeko jarraibideak ematen dituzte (ikasle eta langileentzako protokoloak, jantokiaren antolaketa, aireztapena eta desinfekzioa…); txanda kopurua handitzea gakoa da baita ere, segurtasun tartea mantentzeko arazoak dauden espazioetan; ordutegi jarraitua duten ikastetxeetan, jantoki-zerbitzua barne hartzea eskatzen dute, eskola-menuak oinarrizko elikagaiak bermatzen dituelako; eta gelan bazkaltzea aukera gisa aurkezten dute, jangelan taldeak nahastea saihesteko eta burbuila-taldeak mantentzeko. Kasu horretan, dio txostenak, bazkalostean gela garbitu, desinfektatu eta aireztatu egin beharko da.

Sukaldeak, bai ala bai, irekita mantendu behar direla aldarrikatzen du ekimenak: “Oraingoa bezalako testuinguruetan, garrantzitsua da dauden baliabide publikoak balioestea, hala nola eskola publikoetako sukaldeak”.

Txostena lotura honetan irakur dezakezu osorik.