Gerra gordina hasi zenetik urtebete bete denean, Ukrainako gatazkaren inguruko hausnarketa antimilitarista antolatu dute Donostian ostegunean Bake-Ekintza Antimilitaristak eta Centre Delàs d’Estudis per la Pauk. Gerra horri emandako erantzunetan gabezia asko ikusi dituztela esanez aurkeztu dute hitzaldia, eta jarraian hartu dute hitza erakunde katalanaren partetik Gabriela Serra Fredianik eta MOCetik etorritako Koldobi Velasco Vazquezek.
Serrak bere hitzartzea hasi du esanez nahasmendua eta kezka dagoela talde antilimitaristen barruan, egun Ukrainako gerrari ematen ari zaion erantzun herritarrak ez duelako zerikusirik duela hogei urtekoarekin, 2003ko otsailean Irakeko gerrari emandakoarekin. Milioika eta milioika pertsona atera ziren kalera AEBen inbasioa salatzeko, baina orain ez da halakorik gertatu. Intsumisioen mugimendua mahai gainean jarrita, historia antimilitarista luzea izan duen herrialdea desertu bilakatu dela adierazi du. “Zergatik?”, bota du galdera Serrak.
Bere hitzetan, beste gerra mota bat dago desmobilizazioren eta erantzunaren deuseztatzearen atzean: gerra kognitiboa. Gerra psikologikoaren eta gerra informatiboaren batuketak sortzen dute gerra kognitiboa, eta azken urteetan hedatutako sare sozial eta informazio eta komunikazio teknologia berrien bidez jarduten du. Ideia faltsuak eta itxuragabetuen bidez herritarren jokamoldeetan eta pentsamenduetan eragiten du, eta gudu-zelaiak gure buruak dira munduko edozein zokotan gaudela ere.
Ezkerraren barruan erantzun argia ezin ematera eraman gaituen beste aldagai bat gerra motaren aldaketa da. “Gaiztoak ez dira betikoak, AEBak”. Ezkerraren zati jakin batentzat Vladimir Putin Leninen ondorengoa da. Baina orain, Gerra Hotzean ez bezala, bi aldeen artean ez dago diferentzia ideologiko handirik. Orain gerra ekonomiko eta geopolitiko hutsa da. Bi etsai handi dira haien artean borrokan, “bata bestea baino handiagoa”, erantsi du NATO, AEBak eta Europar Batasunari erreferentzia eginez. Eta egoera horrek eztabaida sortu du bakezaleen artean.
Amaieran, galderen txandan, entzule batek ezbaian jarri du bi inperio handien arteko gerraren kontakizun hori. Erantsi du mugatua dela, gerra honetan badelako herrialde inbaditzaile bat eta inbaditu bat. Serrak erantzun dio Ukraina txotxongiloa dela AEBen eskuetan Errusiaren kontra, eta ukrainarrak ezer gutxi inporta zaizkiela. Jokoan dagoena mundu mailako nagusitasuna delako, eta hor, arerio nagusia Txina izanik, Inperioa –AEBak– ari dela gerra irabazten: Ukrainako gerrak NATOren berpiztea ekarri du; bi kide berri erantsi ditu, Suedia eta Finlandia; Errusiak gabezia militarrak dituela ikusi da; Alemania, Europako fabrika izanik, gas errusiarra albo batera utzi eta gas estatubatuarra jasotzen hasi da kontinenteko beste hainbat herrialderekin batera; industria belikoa bete-betean lanean ari da; eta Europako estatuak bermilitarizaziorantz mugitzen ari dira.
Dena den, Serraren ustez Ukrainako gerraren atzean beste fenomeno sozial batzuk ezkutatzen dituzte. Krisi ekonomiko, energetiko eta sozialean murgilduta gaudela esan du. Eta hasierako galderara itzulita, gehitu du gerra kognitiboak indarkerian eta militarismoan hezitako belaunaldi gazteak sortzen ari dela; segurtasun ezari eta gatazkei indarkeriarekin erantzutera ohituak. Mozal Legea eta halakoekin batera, errazago kontrolatu ahal izango baitira krisiak eragindako altxamenduak. Izan ere, azken finean, “gerra honek langile jendeari eragingo baitio gehien”.
Velascok gatazka sozialei eutsiz jaso du Serraren lekukoa hitzaldian, baina gerraren izaerari buruz sakondu beharrean, perspektiba antimilitaristan sakonduz osatu du hitzaldia. Berak ere azpimarratu du abizen ugariko kapitalismo patriarkal eta kolonialistak militarismoa behar duela kontrol soziala mantendu ahal izateko, eta zentzu horretan, gerra sozial gisa ulertzen duela.
Serrarekin bat eginez, “Nork irabazten du gerra batean? Nork galtzen du?” galdera bota du, eta baieztatu du gerrak ez direla bereizten klase gerratik; aberatsen eta haien metaketa eta menperatze prozesuak babesten dituztela. Hori hala, egiten ditugun borroka sozialak bakea ekartzen dutela ondorioztatu du.
“Nola ba, kozinatu antimilitarismoa gerra etengabean?”. Velascok esan du gure lurralde, gogo eta gorputzak desmilitarizatu behar ditugula. Horretarako, lehenik eta behin, militarizazioa eta gatazkak agerian jarri behar dira, jarraian desmilitarizazioari ekiteko. Gerra baimentzen duten baliabide, ekonomiko, sozial eta ideologikoak eten behar dira. Indarkeria ezatik eta bake soziala bilatzen duen perspektiba iraultzailetik.
Horretarako, gerren aurretik, bitartean eta ostean egiteko hainbat neurri jarri ditu mahai gainean. Aurretik, beharrezkoak dira justizia soziala, gatazkak konpontzeko bake kultura eta erremintak, NATOtik ateratzea, eta ezabatu arte, aurrekontu militarra murrizten joatea, besteak beste. Gerren bitartean, gerraren kontrako jarrerak zabaldu, Errusian, Ukrainan eta edonon kontzientzia-objektore diren pertsona zein erakundeak babestu, ez babestu lehiakideetako bat ere ez, erasotuak babestu, herrialde lehiakideekin loturak hautsi, eta abar. Eta ostean, gatazken konponbideak eta bake hitzarmenak landu.
“Jendeak galdetzen digunean ze alternatiba proposatzen duen antimilitarismoak, guk erantzuten diegu hamarkadak daramazkigula lanean”: gastu militarraren murrizketa aldarrikatzen hemen eta nazioartean, desobedientzia zibila bultzatzen, industria eta merkataritza armamentistikoa salatzen eta oztopatzen. Baina azpimarratu du horretan garrantzitsua dela alternatiben eraikuntza lantzea: espazio autogestionatuen saretzea, elikadura, energia eta komunikazio burujabetasuna eraikitzea, eta justizia sozialaren alde borrokatzea. Hori dena, gerren eta militarizazioaren kontra eta bakearen alde egitea da, amaitu du.